Distantzia laburreko zortzigarren duatloia antolatu du Mugarrak zapatu honetarako

Anboto 2015ko mar. 26a, 13:06

Zornotzari Durangok hartuko dio lekukoa. Joan zen asteburuan Zornotzako duatloia lehiatu ostean, asteburu honetan Durangori dagokio. Mugarra Triatloi Taldeak antolatzen duen Durangoko duatloiak zortzigarren aldia egingo du aurten. Euskal Herriko Duatloi Txapelketaren barruan dagoen proba da. Gaur gauerdian amaitzen da izena emateko epea.


Zornotzakoan euriak eta hotzak asko gogortu zuten kirolarien jarduna. Durangon, aldiz, ematen du eguraldia lagun izando dutela duatloilariek. Emakumeen proba 15:30ean hasiko da, eta gizonezkoena hamar minutu geroago.

Ibilbideak
Ibilbideari dagokionez, distantzia laburreko duatloiaren neurriak ditu: hamar kilometro korrika, 35 bizikletan eta, azkenik, beste bost korrika. Trafiko araudiek nahi baino gehiago baldintzatutako ibilbidea diseinatu behar izan dute, Mugarrako kideen esanetan.

Korrikako lehenengo tartean ibilbide hau osatuko dute: Ezkurdi, Askatasun etorbidea, Orokozketa eta handik buelta berriro Ezkurdira. Bost kilometroko zirkuitu horri itzuli bi emango dizkiote. Bizikletako tartea gogorra da: Durangotik Elorriora joango dira, eta Miñotatik Berrizera. Ondoren, Traña-Matienara heldu aurretik, biribilgunean Garairantz hartuko dute. Garaitik Goiurira joango dira, eta Iurretako herrigunetik sartuko dira Durangon. Korrika osatu beharreko azkenengo bost kilometroen ibilbidea honako hau da: Ezkurdi, Andra Maria, Kurutziaga, Montevideo, epaitegiaren aurretik Askatasun etorbidearen amaierako biribilgunera, eta handik Ezkurdira. Zirkuitu hori birritan egingo dute.

Emakumeetan Gurutze Frades iurretarra eta gizonetan José Almagro madrildarra dira faborito nagusietako bi.

Gaztetxoen artean duatloia sustatzeko Duatloi Txikia ere egingo dute Ezkurdi inguruan, 11:00etatik aurrera.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!