120 partaide ariko dira Durangoko Pasiñoaren XXII. antzezpenean

Anboto 2015ko mar. 26a, 11:34

Atzo iluntzean aurkeztu zuten XXII. Durangoko Pasiñoa. Apirilaren 1ean, 2an eta 3an, eskainiko dute aurten, Aste Santuko antzezpen herritarra. Santana plazan izango dira hiru emanaldiak, 21:00etatik aurrera, eta bi ordu eta laurden ingurukoa izango da ikuskizuna.

Santana plazako El Arco tabernan, sei euroan, daude sarrerak salgai, eta 656 777 321 telefonoaren bitartez erreserbak egiteko aukera ere egongo da.

Durangoko Kurutzesantu Museoan egin zuten, atzo, aurkezpen ekitaldia. Aitziber Irigoras Durangoko alkatea, Xabier Arana eta Txema Asategi Juan de Iciar elkarteko kideak, eta Iñigo Pastor eta Mariola Fernandez antzezleek egin zuten aurtengo edizioaren aurkezpena. Jesusen papera jokatuko du Pastorrek, eta Mariarena Fernandezek.

Pasiñoa antolatzen duen Juan de Iciar Kultur Elkartearen presidenteak, Xabier Aranak, azaldu zuenen, 120 partaide ariko dira, Durangoko Pasiñoan, aurten. Ekitaldi hori aprobetxatu zuen Aranak, Pasiñoa ikusle bezala bakarrik ez, parte-hartzaile bezala bizi gura duen oro gonbidatzeko: “Zenbat eta partaide gehiago izan, hobea izango da eskaini ahalko dugun ikuskizuna”, azpimarratu zuen. “Probatzen duenak errepikatu egiten du”, ziurtatu zuen.

Xabier Aranak azaldu zuenez, 45.000 euroko aurrekontua dauka 2015. urteko Durangoko Pasiñoak, eta, “aurrekontuaren parterik handiena argiztapenean eta soinuan” inbertitzen dute.

Azken urteetan bezala, Pasiñoa ikustera kanpotik datozenentzako eskaintza berezia egingo dute, aurten ere, Durangoko Turismo Bulegoaren bitartez. Durangon ostatu hartzeko eta Pasiñoaren antzezpena ikusteko sarrerak eskuratzeko eskaintza bereziak egingo dituzte herriko lau ostatutan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!