Baliabide digitalen aukera eta arriskuez solasean

Anboto 2015ko mar. 26a, 10:23

Errealitate digitalean kulturak duen lekuaz mahaingurua burutu zuten, atzo, Durangoko Plateruenean. Zilar Astearen barruan jarduteko gonbidatu zituzten Durangaldean komunikazioaren eta kulturaren arloetan diharduten duten sei lagun.

Sortzaileen ikuspegia eman zuten Nagore Txintxurreta ilustratzaileak eta Arkaitz Cayado Itsua musikariak, eta euren esperientzietatik jardun ziren baita, Ekaitz Goienetxea eta Libe Mimenza komunikatzaileak, San Agustin kulturgunearen komunikazioaz arduratzen den Maider Larrañaga, eta Dendak Bai merkatari elkarteako Araceli Guerrero teknikaria.

Dozena bat lagun elkartu ziren —modu analogikoan, aurrez-aurreko solasaldian— sare sozialen, teknologiaren eta sorkuntzaren inguruan berba egitera. Baliabide horiek dakartzaten aukera eta erronkez jardun ziren, eta kezkak ere partekatu zituzten. Gonbidatuen aurkezpen eta tesiak entzunda, giro atseginean euren iruzkinak egin zituzten bertaratu zirenek.

Atzoko hitzordu horretaz gainera, mundu digitalari buruzko gazteei zuzenduriko tailerrak ere bideratu dituzte, Zilar Astean, Plateruenetik. Durangoko ikastetxeetako gazteek bete dute Kafe Antzokia, gaur.

Bihar ere badago hitzordurik: Inprentatik/tintatik ordenagailura/bitera izenburuko berbaldia izango da, 19:00etan, gura duten guztientzat aukeran. Gainera, digitalizazioak sortu edo bultzatu ditzakeen gizarte ereduez gogoeta egiteko proposamena ere luzatu dute anfiteatroko erakusketagaz.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!