Durangoko kaleetarako emakume izenak proposatzeko deia egin dute

Anboto 2015ko mar. 26a, 09:57
Zapaburu konpartsak emakume izenak zituzten kartelak ipini zituen 2011n.

Durangoko Berdintasun Kontseiluaren mozio bati esker, emakume eta gizonen izenak dituzten kaleen kopurua parekatzeko konpromisoa hartu zuen udalak otsaileko osoko bilkuran. Izan ere, Andra Maria eta Santa Ana kenduta, adibidez, Durangon ez dago ia emakumeei eskainitako kalerik. Bada, udalak martxan ipini du lanketa, eta emakume izenak proposatzeko deia egin die herritarrei. Apirilaren 12ra arte egongo da proposamenak egiteko aukera, www.durango-udala.net webgunean eta Andragunean.


Ekarpenak agerian
Kulturan, jendartean, arlo politikoan, zientzietan, enpresa munduan eta euskararen zabalkundean emakumeek egin dituzten ekarpen garrantzitsuak agerian jartzea eta zabaltzea da Berdintasun Kontseiluaren eta udalaren helburua. Izenak proposatzeko hiru irizpide eman dituzte. Batetik, Euskal Herrikoa izatea –Durangogaz edo Durangaldeagaz edukitako lotura lehenetsiko da–. Bigarrenik, hilda egotea. Hirugarrenik, berdintasunaren alde lan egin edo feminista izatea.

Udalak eta kontseiluak herritarrak animatu gura izan dituzte izenak proposatzera. Jasotako ekarpenekin, emakume izena ipiniko diete, besteak beste, Durangoko kale, plaza, eraikuntza eta parkeei.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!