'Seguimos creyendo' diskoa osatu Alerta taldeak, 17. urtebetetzean

Anboto 2015ko mar. 25a, 10:57
Apirilaren 25ean, Tres41 eta Alerta taldeek Plateruenean joko dute. (Argazkia: Jon Olabarriaga)

Martxoaren 13an, Berrizko Hiltegixe gaztetxean jo zuen Alerta taldeak lehenengo kontzertua, urtebetez diskoa prestatzen egon ostean. Urte bat lokaleko lau hormen artetik atera barik egon eta gero, “energiaz beteriko emanaldia” eskaini zuten bost taldekideek, Berrizko gaztetxeko lagunartean. Durangaldeko hardcore eszena bultzatzeko sorturiko Hardcore Crew elkarteak antolaturiko kontzertua izan zen Berrizkoa, eta Seguimos creyendo disko berriko kantak eskaini zituen Alertak.


Taldekideen berbetan, “lan-artisaua” izan da egindakoa, Alertak ohi duen eran. Metal eta hardcore estiloak uztartzen dituzten hamaika kantuko diskoa da Seguimos creyendo.

Hainbat lagunen kolaborazioa eduki dute ahotsetan. Lagun horietako batzuk Berrizko Tres41 taldekoak dira, eta, hain zuzen, apirilaren 25ean eurekin joko dute Alertakoek, Durangoko Plateruenean. “Oso harro gaude Tres41 taldeagaz jotzeaz. Izan ere, beti egon dira gure alboan, eta, gainera, Desde el país de los sordos diskoa itzela da zuzenean”, adierazi dute.

Aurrerantzean ere, kontzertuetan ipiniko dute diskoa salgai, eta, gainera, Durangoko Eternal Soul tatuaje estudioan, eta Iurretako Gau Argi eta Zaldibarko Sorgin tabernetan ere eskuratu ahal izango da. Interneten, besteak beste, taldearen www.alertametal.com webgunean ipiniko dute salgai.

Hamazazpi urtez, eta bizi
Hamazazpi urte bete ditu Alerta taldeak, eta, diskoaren izenburuan dioten bezala, egiten duten horretan sinesten jarraitzen dute: “Zaharrago egiten gabiltza, eta bizitzak gero eta bide estuagoetatik garamatza, baina garrantzitsua da geure buruekin borroka osasuntsu bat mantentzea: bizitzak ezin digu gaztetasunaren freskotasun hori lapurtu”, aldarrikatu dute taldekideek.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!