Doinuzahar abesbatzaren eta Jesus Egigurenen elkarlanetik, musika-ikuskizun berritzailea

Anboto 2015ko mar. 24a, 12:53
Valentín Atxotegi, Jesus Egiguren eta Amaia Basaurik egin dute emanaldiaren aurkezpena.

Aste Santuko musika oinarri harturik, eta publikoaren zentzumenei eragin guran, sorturiko ikuskizuna da Tenebrae-Ilunpetan. Durangoko Doinuzahar abesbatzak eta Jesus Egiguren musikari durangarrak elkarlanean sorturikoa. Domekan, 19:00etan, eskainiko dute Andra Marian. Gaur egin dute aurkezpena.

Tomas Luis de Victoria musikagileak XVI. mendean abesbatzerako konposaturiko musika sakroa, eta Egigurenek zinemako soinu bandak inspirazio hartuta sorturiko “musika eszenikoa” dira ikuskizunaren osagaietako batzuk.

Victoriak Aste Santuko liturgiarako sorturiko Officium Hebdomadae Sanctae obrako hamaika errespontso eskainiko dituzte, batetik, eta Egigurenen ikuskizun honetarako egindako musika elektro-akustikoa tartekatuko dute, bestetik. "Gurutzebideak bi musikari horiengan sorturiko inspirazioaren erakusle" da, aurkezpenean esan dutenez, ikuskizunaren musika; apaindura gutxiko musika “soil, bare eta apala” da Victoriarena, eta irudi eta sentsazio biziak eskaintzen dituena Egigurenena.

Dantza garaikideak eta poesiak ere izango dute emanaldian lekurik. Bestalde, Valentín Atxotegi abesbatzeko kideak azpimarratu duenez, “argiztapenagaz ere jolastuko dugu; Andra Mariako basilikaren ikuspegi berritzailea gozatuko dute ikusleek”.

Amaia Basauri Doinuzahar abesbatzeko kideak azaldu duenez, erlijiosoa baino, kulturala izan da ikuskizun hau sortzeko helburua: “Espiritualtasun berezi bat dauka musika erlijiosoak; sinesdunak ez diren askogan ere  emozioak sortzeko gaitasun berezia dauka”. Hain zuzen, publikoa hotz ez uztea izan dute Tenebrae-Ilunpetan ikuskizunaren sortzaileek helburu.

Abesbatz berritzailea
Jesus Egiguren musikariak kontzertuaren aurkezpenean azaldu duenez, abesbatzen jardun tradizionalaren eta gizartearen arteko distantzia aregotzen dabilela jakitun dira ikuskizun honen sortzaileak. Egigurenen berbetan, gauza berritzaileak egin beharraren gogoetatik sortu dute proiektu hau: "Jendea ohar dadin abesbatzen jarduna ez dela zertan zerbait zaharkitua izan behar".

Aurkezpenean azaldu dutenez, hiru hilabetez lanean jardun dira Tenebrae ikuskizuna sortu duten 30 lagunak; Doinuzahar abesbatzeko 18 kideak, eta beste hainbat kolaboratzaile.  

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!