“Jendea artelan eder eta politikoki zuzenera dago ohituta: objektu-arte esaten zaio horri”

Anboto 2015ko mar. 20a, 12:00

Apirilaren 7ra arte, Durangoko Arte eta Historia Museoan egongo da Jose Angel Uberuaga ‘Ube’ (Gernika, 1961) artistaren The black Dahlia erakusketa.

Udatik hona ibili zara erakusketa hau prestatzen?
Pasa den urteko urrirako neukan erakusketa hau Durangon ipintzeko aurreikuspena, baina atzeratu egin genuen azkenean. Emakumeen inguruko lana izanik, martxoa aukeratu nuen, azkenean, erakusketa emakumeen egunagaz lotzeko.

Udan, eliza baten barruan egin zenituen argazki batzuek zalaparta eragin zuten. Zure lan prozesuetan eraginik izan du polemika horrek?
Bai, noski. Zalaparta haren ostean, besteak beste, argazki haiek nazioarteko hainbat lekutan erakusteko aukera izan dut. Horrek guztiak ekarri du Durangoko erakusketa atzeratzea.

Jaso duzu Durangoko erakusketa ikusi dutenen iritzirik?
Bai; sare sozialen bitartez, telefonoz eta erakusketan bertan ere esan dit jendeak erakusketak zer sentsazio eragin dion. Erakusketaren filosofia oso gustuko dutela esan didate askok, ulertzen nautela. Oso pozik nago, orokorrean, erantzunagaz.

Erlijioek emakumea zelan tratatu izan duten islatzen dute erakusketako obretako erreferentzia askok. Zergatik?
Matxismoa ez da gaurko kontu bat, baina azkenaldian ikusten ditugun irudiak oso bortitzak dira, eta beharrezko izan dut gai horri buruz zerbait egitea. Emakumearekiko jazarpenaz jarduteko, erlijio guztiei egiten diet erreferentzia; izan ere, gurean ere burka ikustezin asko dago. Erakusketan, Hamar Aginduei erreferentzia egiten diet, esaterako. Horien bitartez erakutsi nahi dudana da gizonezkoek gizartea zelan kontrolatzen duten, besteoi eurek ere betetzen ez dituzten aginduak emanez.

Zer mezu zabaldu gura duzu erakusketaren bitartez?
Gizartean gertatzen diren gauzak hain dira larriak, ezen aldatzeko esperantza bakarra autokritikatik abiatzea den. Denok gara errealitate latz honen arduradun. Horregatik agertzen naiz argazkietan. Ni ere gizonezkoa naiz, ni ere hainbat ikuspuntutatik erruduna naiz. Gogoetara bultzatu gura dut jendea. Emakumeen egoera dramatikoa da.

Zaila izaten da horrelako mezua daukan obra erakustea?
Oso zaila izaten da. Zenbat aldiz edukitzen dugu horrelako erakusketa bat ikusteko aukera? Galeristek, komisarioek eta politikoek hartzen dituzte arteari loturiko erabakiak, eta eurek esaten digute zein artelan den ona eta zein txarra. Hori bai, politikoki zuzena den artea ematen dute ontzat. Bihar-etzi komisario boteretsu batek “Ube fenomeno bat da” esango balu, gauzak aldatuko lirateke; baina ez denez gertatuko, guk lanean jarraituko dugu. Beste batzuen menpe gaude: zer pentsatu, zelan jantzi... Dena haien arabera egiten dugu.

Autokritikatik abiatuta, besteen gogoeta bultzatzeko probokazioa baliatzen duzu?
Probokatzea ez da helburua. Kontua da ni aspaldi nabilela gai hauek nire artelanetan lantzen.  Nire istorioekin asko arriskatu izan dut beti; izan ere, bakeari buruz jardun gura baduzu, esaterako, gerraz aritzea beharrezkoa dela uste dut. Gerra nork bultzatzen duen ere oso presente edukitzea beharrezkoa dela uste dut.

Panamako arte bienalerako hautatua izan zinen 2013. urtean, eta estatuan zein nazioartean ere hainbat aldiz erakutsi izan duzu zure lana.
Bai, horrela da. Jendea artelan eder eta politikoki zuzenera dago ohituta: objektu-artea esaten zaio horri. Eta, egia esan, leku askotan harritu dira nire lanagaz.

Erradikalenak ziren lanak erakusketa honetatik kanpo utzi dituzula esan zenuen. Zerk bultzatu zaitu horretara? Askoz gordinagoak ziren artelanetariko asko. Elizako pasadizoaren ostean, zalaparta handia sortu zen: fanatikoenek hil egingo nindutela ere esan zuten. Mehatxua hor dago beti, baina ezin gara beldurtuta bizi. Ni ez naiz inor baino ausartagoa, baina barruan daukadana esateko beharra dut.

Matxismoaren eta hipokrisiaren inguruko gogoeta autokritikoa

Emakumeagaz eta matxismoagaz loturiko gaiei buruzko obra esplizitu bat da Jose Angel Uberuagak The black Dahlia honetan erakusten duena: emakumeen kontrako indarkeria matxistari, sexualitateari eta erlijioen paperari buruz dihardu, ironia baliatuta.

Artista bera rap kantaria den aita santu jantzita agertzen du, esaterako, argazkietako batek: Francisco aita santuaren diskurtso berritzaileei erreferentzia egiteko. “Kronista baten lana egiten dut”, azaldu du artistak; “gizartean gertatzen dena artearen bitartez aztertzen dut”.

Erlijioen edo beste inoren kontra aritzerik ez duela azpimarratu du artistak: “Ez dut inor probokatu nahi”. Izan ere, autokritika du erakusketak ardatz. “Guztiok garenez gizarte honen parte, guztiok gara kritikaren jomuga”

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!