Barbantxoren istorio ezaguna, Logela Multimediaren bertsioan, domekan

Anboto 2015ko mar. 17a, 11:15

Durangaldeko publikoaren aurrean eskainiko dute, Barbantxo antzezlana, domekan, Logela Multimedia taldeko elorriarrek. Durangoko San Agustin kulturgunean eskainiko dute antzezlana, martxoaren 22an, 18:00etan. Barbantxoren ipuin ezaguna modu berritzailean dakarte Logelakoek. Hiru aktore ezezik, 3Dko irudiak, eta zuzeneko musika ere uztartzen dituzte ikuskizunean.


Publikoa antzokira erakartzeko modu berezia darabil, proiektu honetan, Logelak. Liburu bat kaleratu dute, hiru eta zortzi urteko umeentzat: “Emanaldia orduko, ikusleek istorioa ezagutu dezaten”. Ipuin tradizionala 3Dko irudi eta betaurrekoekin lagunduta dator Logelaren liburua horretan. “Elementu horiek berehalako efektua daukate umeengan: ikusmina pizten zaie, eta antzokira datoz”, kontatu du Ander Garaizabal Logelako kideak.

Sorkuntza multidisziplinarrarekoa da Logelaren Barbantxo; bideoa, mappinga, zuzeneko musika, antzerkia... darabiltzate. “Sorkuntza prozesua uste genuena baino konplikatuagoa izan da azkenean, baina oso gustora gaude emaitzarekin”, diote Logelako kideek.

Donostiako iazko DFeria jaialdian aurkeztu zuten Barbantxo, eta Elorrion egin zutenaurrestreinaldia. Taldekideen berbetan, harrera ona eduki zuen arren, udan berrartu zuten sorkuntza prozesua, hobekuntzak egiteko. Urritik dabiltza obra han-hemen eskaintzen.

Anaki izeneko ikuskizunaren ostean, Logela Multimedia taldeak publiko infantilarentzat sortu duen bigarren ikuskizuna da Barbantxo.

Umeentzako ikuskizuna izan arren, helduentzako ere hainbat keinu egiten dituztela, azaldu dute elorrioko sortzaileek: “Logela Multimediaren sinadura darama ikuskizunak”. Arte eszenikoekiko zaleak diren helduen gozamenerako ere.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!