Antxon Iriondo, DRT: "Aldaketa handiena buruan egon da, orain gar eta gogo gehiago jartzen dugu"

Anboto 2015ko mar. 14a, 10:00
Durango Rugby Taldeko Antxon Iriondo. Argazkia: Jon Iglesias

Durango Rugby Taldearen gaurkotasuna eta etorkizuna batzen ditu Antxon Iriondok. Aurten errendimendu handia eskaintzen dabil, baina oraindik ikasten dabilela dio. Talde-lana azpimarratu du, eta Ines Etxegibelentzat laudorioak besterik ez ditu. Azken batean, emaitzak begi bistakoak dira, eta igoera fasea eskura du taldeak: “Ia 30 urtean ez ditugu lortu aurten lortzen gabiltzan emaitzak”.



Zenbat denbora daramazu errugbian jokatzen?
Orain dela hamaika bat urte hasi nintzen jokatzen. Txikitatik multikiroletan ibili izan naiz, eta bertan errugbia egiten nuen. Gure adineko bi pertsona bakarrik geunden, baina jokatzen genuen zerbait. Errugbi eskolan ere ibili nintzen 15 urtera arte. Gero, bi urte eman nituen gazte mailan, eta talde honetan sartu nintzen.

Ligan entsegu gehien egin dituen jokalaria zara (hamasei). Zer dohain behar dira?
Horretarako ez dago trukorik. Ez da zerbait estrategikoa, ezta zorizkoa ere. Guztion ahalegin bat da, eta ez da nigan bakarrik islatzen. Nire taldekide den Dimitrik ere entsegu asko [11] egin ditu. Nik egin ditudan entseguak ez dira garrantzitsuak, partidu bakoitzean taldekide guztien artean ahalik eta gehien lortzea da helburua.

Aurtengo talde-lana benetan eraginkorra da.
Bai, taldea oso ondo funtzionatzen dabil, eta, era berean, asko ikasten. Entrenatzaile berriak asko irakasten digu. Ia 30 urtean ez ditugu lortu aurten lortzen gabiltzan emaitzak.

Jokoan koska bat igo duzu aurten? Zure ibilbideko momenturik onenean zaude?
Gero eta hobeto egiten ditut, asko ikasten nabil eta horrek balio du. Ez nuke jakingo esaten nire momenturik onenean nagoen.

Ohorezko Mailarako igoera fasera sailkatzeko aukera handiak dituzue. Hiru partiduan lau puntu lortu behar.
Gelditzen diren hiru partiduak oso zailak direla esan behar da. Lehenengotik hasita, Uribealde taldeak iaz mailaz igotzeko promozioa jokatu zuen, eta asteburu honetan talde horren aurka jokatuko dugu. Iaz bi partiduak galdu genituen. Bestalde, elurragatik atzeratuta daukagun partidua, Burgosen aurka, ez dakit zelakoa izango den. Ez dugu Burgosen sekula jokatu. Eta, azkenik, Zarautz. Igotzeko aukera guztiak baliatu nahi ditugu, esperientzia ikaragarria izango litzateke Ohorezko Mailan jokatzea, eta hori lortzeko daukagun guztia emango dugu.

Taldeak barrutik zelan bizi du aurtengo denboraldi ona?
Taldeko giroa beti bera izan da. Azken finean, lagun kuadrilla bat gara, eta errugbia bikain uztartzen dugu gure lagun giroagaz. Hala ere, esango nuke antzematen dela taldeak ilusio handiagoz entrenatzen duela, entrenamendu guztietara motibatuta gatozela.

Ines Etxegibelek taldearen ardura hartu duenetik, bikain zabiltzate. Zer eskaini dio taldeari hain ondo ibiltzeko?
Gehienbat jarrera. Berak ematen digun egurra ez digute inoiz eman. Gauza bat eskatzen digunean, ez du etsiko hori lortu arte. Entrenatzaile bikaina da, eta emaitzak hor daude. Partiduz partidu joatea gustatzen zaio; aurreko partidua ahaztuta dago, eta orain hurrengoari egin behar diogu aurre.

Atzera begira jarrita, aurreko urteetan zer falta izan zitzaizuen hobeto ibiltzeko?
Beti jokatu izan dugu errugbian, baina inoiz ez dugu sinistu benetan helburu jakin batzuk lortu ditzakegula. Bi jokalari etorri dira, baina funtsean aurreko urteetako talde bera da. Aldaketa handiena buruan egon da. Gakoa da orain gar eta gogo gehiago jartzen dugula.

Etxegibelek dio zuen jokamoldea dela aurreko lerroak asko presionatzea, ondoren atzeko lerroak baloia azkar mugitzeko modua izan dezan.
Lehenengo asteetan defentsa besterik ez genuen landu, ondo defenditzen irakatsi digu Inesek, eta defentsa batetik baloiak zelan irabazi. Berak dio berreskuratutako baloietan daudela entsegu gehienak, eta hori izan da gakoa, aurreko urteetan ez duguna eduki. Erabat ados nago, alde horri dagokionez, entrenatzaileak hartu duen erabakiagaz.

DRT harrobiko jokalariz hornitzen da, batez ere. Eta jokalari gazteek esperientzia hartu behar dute. Zelakoa izaten da da prozesu hori DRTn?
Azkenengo bi urteetan Euskal Herriko Errugbi Txapelketa jokatu dugu, eta aurten segur aski Durangon izango da. Gazte mailatik datozenek gugaz jokatzen dute txapelketa hori. Bertan,  elkar ezagutzeko aukera izaten dugu. Hala ere, guztiok ezagutzen dugu elkar, eta dena bertan geratzen da.

Nola osatzen da Euskal Herriko Txapelketa hori?
Urtero egiten dugu. Euskal Herriko probintzia bakoitzetik ordezkari batek hartzen du parte, eta herri antolatzaileko taldeak ere bai. Hori denboraldi amaieran izaten da, baina ez da txapelketa garrantzitsu bat, lagunarteko giroa egoten da. Iaz Baigorrin izan zen, eta orain dela urte bi Baztanen.

Aita DRTko presidentea duzu. Beti aholkuak ematen dabilen horietakoa da?
Presidentea da, bai. Baina ez du inoiz errugbian jokatu, beraz, ezin dit aholku gehiegirik eman. [Barrez]. Nire anaiak ere errugbian jokatzen du, eta datorren urtean gure taldera igoko da. Hortaz, argi dago etxeko elkarrizketetan gai nagusia errugbia izaten dela.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!