Jose Angel Uberuagak 'The Black Dahlia: autokritika eta hausnarketa' erakusketa zabaldu du Durangon

Anboto 2015ko mar. 13a, 13:15

Gaur goizean zabaldu dute Jose Angel Uberuaga Ube Munitibarko (Bizkaia) artistaren erakusketa, Durangoko Arte eta Historia Museoan. The black Dahlia du izenburua erakusketak, eta Uberuagaren matxismoaren eta hipokrisiaren inguruko gogoetak biltzen ditu; instalazio, argazki eta eskultura forman.

Joseba Aizpurua Durangoko Museoko arduradunak eta Bihotza Uberuaga alabak lagunduta aurkeztu du Jose Angel Uberuagak erakusketa komunikabideen aurrean. Emakumeagaz eta matxismoagaz loturiko irudi eta sinboloen erabilpen apurtzailea egiten du artistak erakusketako lanetan, eta obra oso esplizitua osatu du: emakumeenganako biolentzia matxistari, sexualitateari, edota erlijioen paperari buruz dihardu, besteak beste. "Ironia eta mezua daukate obra guztiek", azpimarratu du Uberuagak.

Erakusketa honetako ideia beragaz, joan zen urtean eliza baten barruan egin zituen argazkiek eragindako polemika ere hartu du Uberuagak ahotan, The black Dahlia erakusketa honen jatorria azaltzeko.

Polemika eta hipokrisia

Baimenik eskatu barik, elizaren emakumeenganako jokaerak gaitzesten zituzten argazkiak egitera sartu zen elizan. "Gizarte oso hipokritan bizi gara, eta polemika harekin nire azalean bizi izan nuen hori; gu guztion emakumeaganako jarrerak kritikatu gura nituen, eta inozo jokatu nuen", esan du artistak.

Baimenik eskatu ez izanagatik barkamena eskatu zuela azpimarratu du, eta aitortu du esperientzia hark eraginda, erradikalenak ziren lanak erakusketa honetik kanpo utzi dituela. Kontatu du, tristura handia eragin ziola bere obraren harira sortutako polemika hark, eta aurrera segitzeko, adineko bost emakumeren animoek bultzatu zutela: "Emakume bezala bizi izandakoak kontatzen hasi zitzaizkidan, eta indarra hartu nuen berriro". Zalaparta mediatikoa eragin zuten argazki haiek ez daude Durangoko erakusketan. Aldiz, azken hilabeteetan, New York, Mexiko eta Bartzelonako galeriatan erakutsi dituzte.

"Ez dut zirkorik nahi"

Erlijioekin edo inoren kontra aritzerik ez duela nahi esan du Jose Angel Uberuagak, gaurko aurkezpenean: "Ez dut zirkorik nahi". Izan ere, erakusketaren izenburuan ere jasotzen den bezala, autokritika du erakusketak ardatza: Jose Angel Uberuagak bere buruagaz jokatzen du, lehenik eta behin, zorrotz. "Zeharka", zehazten du, "noski, guztiok gizarte honen parte garenez, denok gara kritikaren jomuga".

Bere obraren interpretaziorako, artelan bakoitzaren izenburua oso elementu inportantea dela azpimarratu du Munitibarko sortzaileak. The black Dahlia erakusketaren izenburuaren jatorria ere azaldu du, Durangoko Museoan: 40. hamarkadan AEBetan bortizki erahildako Elizabeth Shorten ezizenetik hartutakoa da.

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!