David Santin: "Sushia arrain gordinagaz lotzen da, baina aukera askoz zabalagoa da"

Anboto 2015ko mar. 5a, 17:00

Zapore japoniarra jarriko diote zapatuan VIII. Durangoko Ardo Saltsan azokari. Erakusketa mahaian, Japoniako gastronomiaren inguruko oinarrizko kontzeptuak azalduko dituzte, eta hainbat elikagai ezagutzeko aukera eskainiko dute. Bilboko Sushi Artists jatetxeko David Santin eta bere taldea tartean izango dira. Era berean, 40 upategi baino gehiagoren produktuak dastatzeko aukera izango da bihar, Landako Gunean. Gainera, delicatessen produktuen eskaintza zabala izango da: adibidez, iberiar tomatea, berakatz beltza, gazta, antxoak eta ketuak probatu ahalko dira.


Zer eskainiko duzue Ardo Saltsan azokan?
Sushia eta Japoniako jakiak eskainiko ditugu. 50 lagun ingururentzako bazkari bat ere emango dugu.

Zer menu prestatuko diezu?
Miso sopa, aguakate entsalada, langostinoen tenpura eta hainbat motatako sushia eskainiko ditugu. Plater nagusia Saltsan erara prestatutako atun gorria izango da. Postrea ere Saltsanen esku egongo da.

Zein aurreikuspen duzue Ardo Saltsan azokarako?
Ardo Saltsan azokaren zortzigarren edizioa da, eta badakigu azoka jendetsua izaten dela. Beraz, gure helburua jendeak gure produktuak ezagutzea da, eta, Durangoko jendeak Bilbon aurkitu ahal gaituen arren, badakigu egunerokotasunerako ez gaudela hain gertu. Hala ere, sushiagaz cateringak antolatzen ditugu; ekitaldietan eta ezkontzetan parte hartzen dugu.

Noiz zabaldu zenituzten Japoniako janaria lantzen duten jatetxeak Bilbon? Zein harrera izan duzue?
Orain dela urtebete zabaldu genituen. Oso pozik gaude izan dugun erantzunagaz. Bilbon ez zegoen janari mota honetako eskaintza handirik. Bartzelonan, esate baterako, aukera handiagoa dago. Gurea kontzeptua berritzailea da. Kalitateko sushia eskaintzen dugu, eta prezio onean. Freskoa da, eta salmenta arina da. Bezeroa hona dator, eta ez du ilara luzerik itxaron behar. Janari freskoa prest dugu, eta kontsumitzen doazen heinean bandejak jartzen ditugu. Jendeak presa izaten du bazkaltzeko, sarritan lanera itzuli behar duelako. Bandeja hartzen dute, bazkaldu, eta joan egiten dira.

Sushia gero eta ezagunagoa da, ala oraindik kosta egiten da Japoniako elikagaiak jendeari ezagutaraztea?
Jende askok sarritan zalantzak izaten ditu arrain gordinagaz, baina sushia ez da hori bakarrik. Aukera askoz zabalagoa da. Gainera, gu eten barik gabiltza berrikuntzan.

Zer produktu berri eskaintzen duzue?
Pernila ere barneratzen hasi gara. Era berean, jende askori ez zaionez arrain gordina gustatzen, beste produktu batzuk ere eskaintzen ditugu. Begetarianoentzako platerrak ditugu, esate baterako.

Erlazionatuak

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!