“Elikatzeko moduak gero eta gehiago arduratzen gaitu”

Anboto 2015ko ots. 27a, 09:00

Norbere burua zaintzeko ideiak eta osasunarekiko kontzientziak jateko modu berriak sortu ditu, eta gero eta gehiago zabaltzen dabiltza gizartean. Ondorioz, han eta hemen sortzen dabiltza eskari horri erantzuteko denda edo elkarteak, eta supermerkatuetan ere gero eta eskaintza zabalagoa daukate.

Maite Manzisidor eta Marta Rodrigez Izar Bide elikadura dendakoak.Duela sei urtetik produktu ekologikoak saltzen dituen Durangoko Izar Bide denda da joera horren adibide esanguratsuetako bat; Zornotzan beste denda bat ere zabaldu dute, eta Internet bidez ere saltzen dute. Urteotan kontsumoa eta jakin-mina hazi egin direla baieztatu du Marta Rodriguez dendaren jabeak. “Elikatzeko moduak gero eta gehiago arduratzen gaitu”.

Rodriguezek kontatu duenez, jende asko umea eduki ostean hasten da produktu ekologikoak kontsumitzen. Hain zuzen ere, ama izan eta gero kontzientzia areagotu zitzaion Maite Manzisidor bezeroari. “Lehendik hasita nengoen. Baina umea eduki ondoren, onena ematen ahalegindu nintzen, eta nik argi daukat onena ekologikoa dela”. Egunero egiten du erosketa.

Makrobiotikaren agerpena
Bestalde, hilean behin, Fran Goikoa nutrizionistaren bisita izaten dute Izar Biden. Besteak beste, azken urteetan agertu den fenomeno bat ere lantzen du: makrobiotika. “Onena dela uste dut, edozein arazoren aurrean lagundu diezaguke”. Baina garatzeko zaila dela ohartarazi du. Goikoak dio Durangaldea dela makrobiotika gehien lantzen den inguruetako bat.

Carlos Casal terapeuta eta stretching irakasleaCarlos Casal terapeuta eta stretching –gorputzaren jarrerak lantzeko ariketa– irakaslea da makrobiotikaren irizpideak jarraitzen dituenetako bat. Bere elikaduraren oinarri batzuk azaldu ditu: “Gehien behar duguna karbohidratoak dira, oreka fisikoa eta emozionala edukitzeko. Horrela, elikaduraren %50etik gora osatzen dute ale integralek eta zerealek: arroza, mijoa, kinoa, garagarra, oloa,  espelta...”. Gizartean proteina lar kontsumitzen dela dio, eta animalienak toxikoak direla. Horregatik, proteina begetalak hartzen ditu. Bestalde, mineralak eta bitaminak egositako fruta eta barazkietatik hartzen ditu batez ere. Algak ere badaude makrobiotikoen errezetetan, nutrizio iturri handiak direlako. Filosofiak inguruko produktuak jatea gomendatzen die, baina beste kultura batzuetatik ere ekartzen dituzte, batez ere, Japoniatik, handik datorrelako makrobiotika. Azukrea eta estimulatzaileak ez dituzte jaten.

Makrobiotika oreka topatzeko filosofia oso bat dela dio Casalek, eta gorputz ariketak ere barneratu ditu: “Ingurumenarekiko eta gizartearekiko errespetua lantzen da”.

Iñaki Soloeta, Marisatsako lokaleanMarisatsan, %20 gora
Ideologia ekologistatik sortu zen Marisatsa elkartea orain hamasei urte, eta jendearen kontzientzia eragile izan da. Produktu ekologikoak kontsumitzen dituzten elkarteko bazkidea da Iñaki Soloeta, eta osasunaz harago, ingurumenaz, tokiko produkzioaz eta bidezko merkataritzaz kezkatzen direla esan du. Eskualdeko ekoizleen jakiak dituzte, adibidez, Durangoko Alluitz kaleko lokalean.  282 bazkide dira, eta, azken urteetan, %20ko hazkundea eduki du urtero bazkide kopuruan.

 

“Nutrizionistok zereal integralen kontsumoa gomendatzen dugu”

Nerea Sarriugarte dietista eta nutrizionistak Durangoko Hiru zentroan eskaintzen du zerbitzua. Ez da lar fio makrobiotikaz, eta egunean zehar denetik jan ahal dela uste du.

Igarri duzu elikatzeko erak gehiago arduratzen duela?
Bai. Baina, askok ondo egiten dutela uste duten arren, errealitatea bestelakoa da. Azken inkesten arabera, Espainia mailan %37,8k soilik kontsumitzen du fruta egunero, eta %43k barazkiak. Kontsumo urria da, egunean birritan fruta eta hirutan barazkiak jan behar direla kontuan hartuz gero.

Zereal integralak eta okelaren alternatibak modan daude.
Zerealen fintze prozesuan ematen den galera nutritiboagatik, dietista-nutrizionistok zereal integralen kontsumoa gomendatzen dugu. Bestalde, dieta begetariano bat egin ez arren, ondo legoke noizbehinka haragiaren ordez proteina begetalak hartzea, tofuagaz, seitanagaz eta soja testurizatuagaz.

Baina norbere kabuz okela kentzeak arriskua ekar dezake, ezta?
Bai. Inolako ezagutza barik eginez gero, arriskutsua izan daiteke.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!