Hamabi taldek joko dute zapatuan 40 Minutu Rock jaialdian

Anboto 2015ko ots. 26a, 10:30

Zapatuan, 10:30ean hasita, Durangoko Landako erakustazokan izango da hitzordua, eta dozena bat musika talderen zuzenekoagaz gozatzeko aukera izango dute bertaratzen direnek. (Bideoan: Oliba gorriak taldeak jaialdirako egindako bideoklipa)


Entzungai izango diren taldeetatik gehienak Euskal Herrikoak izango dira, baina Estatuko hainbat musikarik ere joko dute horien artean: 1980ko hamarkadan Madrilen sortutako Def Con Dos taldekoen musikak lekua izango du jaialdian, eta baita Valentziako Los Chicos del Maiz taldearenak ere. La estanquera de Saigón disko berriko kantak eskainiko dituzte erritmo eta berba biziz.

Anestesia, Betagarri, Governors, Hesian, Iheskide, Kaotiko, Enkore, Oliba Gorriak, Izerdi Gorria eta Zea Mays dira zapatuko jaialdiko kartela osatu duten taldeak. Iheskide talde elorriarra izango da 40 Minutu Rock jaialdian ariko den Durangaldeko talde bakarra. Iaz kaleratu zuten Borrokak darrai izenburuko diskoko kantak joko dituzte Durangon.

Da disko berriko kantak zein taldearen abesti ezagunak joko ditu Zea Mays Bilboko laukoteak; Oliba Gorriak taldea urte batzuetan zuzenean jo barik egon eta gero bueltatuko da agertokietara; 25 urteko ibilbidea duen Anestesia taldeak ere geldialdi baten osteko emanaldian eskainiko ditu metal eta hardcore estiloko kanta bizkorrak, Landakon; hardcore melodikoa ekarriko du Enkore Bilboko Errekalde auzoko laukoteak Durangora; erritmo gordinak Governors-ek jarriko ditu; doinu dantzagarriak hogeigarren urtebetetzea ospatzen dabilen Betagarri taldeak zein Hesian taldeak; eta EH Calling diskoko kantak eskainiko ditu Kaotikok.

Sarreren aldez aurreko salmenta oso bizkor joan dela diote jaialdiaren antolatzaileek, eta jende asko espero dute. Edozelan ere, zapatuan bertan ere, 10:00etatik aurrera sarrerak eskuratzeko modua egongo da, Landakoguneko txartel-lehiatilan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!