Durangoko kaleei emakume izena ipiniko diete aurrerantzean

Anboto 2015ko ots. 25a, 10:25

Berdintasun Kontseiluak aurkeztutako mozio bati eskerrak, emakume eta gizonen kale-izen kopurua parekatzeko konpromisoa hartu du udalak.

Durangon ez dago emakume izendun kalerik, Santa Ana eta Andra Maria kenduta. Horretaz konturatu ziren Udal Berdintasun Kontseiluko kideak, kale-izendegia errepasatzen hasi zirenean: “Uste dugu emakumeen presentzi urri horrek begibistan uzten dituela  emakumeok pairatzen dugun diskriminazio historikoa eta gure lanari eman zaion aitorpen eskasa”. Gainera, izen bakarrak birjina eta santuarenak izanda, kontseilukoek uste dute ez dela emakumeen ekarpen anitza islatzen. Ondorioz, parekidetasunaren ikuspuntutik proposamen bat aurkeztu zuten udalbatzarrean, eta aho batez onartu zen. Aurrerantzean, izendatuko diren hurrengo kale, plaza, parke edota eraikinei emakume izena ipiniko diete. “Euskal Herriaren historian emakumeek egin dituzten ekarpen garrantzitsuak” agerian jarri gura dituzte.

Mozioaren arabera, emakumeen zerrenda bat egiteko prozesu bat hasiko da. Ez du hile bitik gora iraungo, eta  ostean publikoki emango dute bere berri.  Gainera, emakume eta gizonen kale-izen kopurua parekatzeko konpromisoa hartu du udalak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!