“Borrokaldia omenaldi bat zen; horrela ulertu eta gozatu beharra zegoen”

Anboto 2015ko ots. 23a, 17:45
Jimi Rojas eta Laureano Lara zapatuan Ezkurdi Jai-Alai pilotalekuan.

Durangoko pilotalekua lepo bete zen zapatuan arte martzial borrokaldiak bertatik bertara jarraitzeko. Ikusminik handiena Jimi Rojas eta Laureano Lararen artekoak eragin zuen. Aurreikusi zitekeen moduan ez zen K.O.rik egon eta zale batzuk gehiagorako gogoagaz geratu ziren, baina borrokaldia bere testuinguruan ulertu beharra zegoela adierazi du Christian Barreira antolatzaileetako batek.

Zapatuan, euren jarraitzaile eta ikasle baten ekimenez, Jimi Rojas eta Laureano Lara elkarren kontra borrokan ikusteko aukera izan zuten Ezkurdi Jai-Alai pilotalekua bete zuten 650 zaleek. Biak 50 urteren bueltan dabiltza, lagunak dira, eta biek lehiaketa ofiziala utzita dute. Testuinguru horretan, bata zein bestea berriro kaiola batean batu izana zen borrokaldiko pizgarri nagusia. Hitzorduak omenalditik gehiago zuen batak bestea egurtu beharretik baino. Baina zaleek ikuskizuna ere eskatzen dute, eta aurkaria eraistea oinarri den kirolean zaila da oreka bilatzea. Rojas eta Lara errezeta horretarako osagaiak ahalik egokien orekatu guran ibili ziren. Borrokaldiak ez zituen zale denak asebete. Batzuek, lehen asaltoaren ondoren, intentsitate gehiago eskatzen zuten. Christian Barreiraren esanetan, “bien kirol ibilbideari egindako omenaldi modukoa zen borrokaldia eta horrela ulertu eta gozatu beharra zegoen; batzuek elkar gehiago jo zezaten nahi zuten, baina uste dut zale gehienek ulertu zutela borrokaldiaren izaera”.

Edozelan ere, Barreirari “aho zapore oso ona” utzi zion ekitaldiak: “Jendea euforiko zegoen, eserlekuetatik altxatzen zen, animatu egiten zuen… beste toki batzuetan ere ikusi dut antzerakorik, baina hemen bestekorik bat ere ez”. Borrokaldi nagusiaz gainera, MMA (Mixek Martial Arts) modalitateko beste hainbat ere programatu zituzten, baina ez ziren aurreikusi moduan garatu. Finalerdietan galdu egin zuen borrokalari bat ez zen ados geratu emaitzagaz eta hirugarren eta laugarren postuak erabakitzeko borrokaldiari uko egin zion. Finala ere ez zen jokatu borrokalarietako batek lesionatuta zegoela esan zuelako.

Gaueko borrokaldirik ikusgarriena, protagonistetako bat Unai Fernández durangarra zuena, susto batekin amaitu zen. Bete-beteko borrokaldiaren ostean azken asaltoan berdinduta zeudela, aurkariak kolpe erabakigarria sartu zion Fernándezi eta K.O.a lortu zuen. Kolpe latza izan zenez, anbulantzian ospitalera eraman zuten eta ohiko probak egin zizkioten. Kolpeak ez du ondorio txarrik izan eta etxean dago: “Animoak eman nahi dizkiot, borrokaldi ona egin zuelako. Gaueko borrokaldi onena izan zen. Egunotan beragaz egongo naiz gimnasioan eta masajista bat ere ahalbidetuko diogu errekuperazioan laguntzeko”.

Borrokaldiekin batera, japoniako arte martzial eta sabel dantza erakustaldiak ere izan ziren arratsaldean zehar.

Antolatzaileak ekimenagaz gustura geratu dira eta baliteke datorren urtean jarraipena ematea.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!