Correosen eraikin zaharra kultur etxe bihurtzea proposatu du Pilar Ríosek

Anboto 2015ko ots. 13a, 10:11

Pilar Ríos izango da PSE-EEren hautagaia Durangoko alkatetzarako; atzo aurkeztu zuten era ofizialean. Ekitaldian alderdiko eta UGTko hainbat kide egon ziren, tartean Carlos Totorika Bizkaiko ahaldun nagusi izateko hautagaia.

Durangoko alkategai izatea "ohorea" dela adierazi zuen Ríosek. Bere ustez, Durangok eta bertako herritarrek egoera sozioekonomiko eta politikoari balio sozialistekin erantzungo dien udal bat behar dute. "Berdintasuna, elkartasuna eta askatasuna" dira balio horiek.

Riosek azaldu zuen, adibidez, enplegu planak eta alokairuan emandako etxeak bultzatu gura dituztela. Gainera, Correosen eraikin zaharra kultur etxe bihurtzea proposatu zuen: "Kultur etxe bat behar dugu, gazteen beharrei erantzuna emateko". Andragunea handitzea ere gura dute; sozialisten lorpen bat izan zela gogoratu du hautagaiak, eta espazioa txiki geratzen dabilela uste du. Bestalde, auzoen inguruko udal sail bat sortzea dago PSE-EEren egitasmoen artean, "udala herritarrengana hurbildu, eta hauek arazoen gestioan eta  soluzioen bilaketan parte hartzeko".

PSE-EEren ahalegina

Horrez gainera, Ríosek azken lau urteetako balantzea egin du. "Alderdi sozialistatik ahalegina egin dugun arren, EAJk akordio zabaletara ailegatzeko gaitasun falta erakutsi du". Urteotan hainbat proiektu eurei esker aurrera atera direla azaldu du: enplegu planak, eskola bonua, Tabirako kanpoko igerilekuen eraberritzea, etxegabetzen aurkako programa, edota Hegoaldeko sahiesbidea. Azken egitasmo honen harira, "lanean hasteko eta atzerapenak uzteko" eskatu dio gobernu taldeari.

Aparte, Durangoko trenbidearen lurperatzea Jaurlaritzan PSE-EE zegoenean gauzatu zela oroitu du alkategai sozialistak, eta EAJko gaur egungo gobernuak "pauso bat ere" ez duela eman kritikatu du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!