Tabirako biribilgunea

PSE-EEk EAJren "gestio txarra" kritikatu du Tabirako biribilgunearen harira

Anboto 2015ko ots. 6a, 14:27

Biribilgune berritik ezingo da zuzenean Gasteiz Bidea kalera sartu. Horregatik, proiektuak herritarrak kaltetuko dituela uste du PSE-EEk. Aldundiak eta udal gobernu taldeak garatutako gestioa kritikatu du. Proiektua "gabezia larriekin eta udal arduradunekin elkartu barik" adjudikatu izana txarto ikusi dute sozialistek. Asteon adjudikatuta, bederatzi hileko obra izango da.

Pilar Ríos bozeramaile sozialistak prentsa ohar bidez kontatu duenez, irailean lizitatu zuen biribilgunearen obra Aldundiak, "presaka eta udala informatu barik". Egitasmoari begira proposamen batzuk egin zituztela, eta teknikariek ondo ikusi zituztela esan du Ríosek. Ondorioz, ez du ulertzen zelan proiektuak berdin aurrera egin duen. Zinegotziaren arabera, gobernu taldeari sarritan eskatu dio Aldundiagaz batzartzeko, baina ez ei diote kasurik egin.

Gauzak horrela, biribilgunea egitean, Gasteiz Bidea hartu gura duten auto gidariek Intxaurrondoko biribilgunera arte joan beharko dute lehenengo, eta handik buelta eman Gasteiz Bideko sarrerara arte. Haserre agertu da Ríos: "Duela hogei urte txarto diseinatu eta lizitatu zuten, eta orain, berriro berdina egitera doazela dirudi". Gogoratu du azken bi hamarkadetan ia 100 istripu gertatu direla inguru horretan. "Akats guzti horiek herritarrok ordaintzen ditugu azkenean", esan du Ríosek.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!