Ixone Aroma: "Tableta bategaz grabatu genuen Mendiak Hurbilduz lehiaketarako film laburra"

Anboto 2015ko ots. 1a, 10:00

Ixone Aroma durangarrak Euskal Filologia ikasi zuen, eta orain bigarren hezkuntzako irakaslea da. Bere zaletasunen artean daude mendia, film laburrak eta euskal dantzak.


Duela bi aste Mendiak Hurbilduz film labur lehiaketa irabazi zenuen, zer gertatu zen saria jasotzerako orduan?
Sari banaketa Plateruena Kafe Antzokian izan zen, berandu heldu nintzen, eta atzeko aldean geratu behar izan nuen. Sariaren bila joan behar nuela abisatu zidaten, baina zegoen jende piloagaz agertokira heldu nintzenerako saria eman behar zidan emakumeak buelta-erdi emana zuen txekeagaz.

‘Hutsunea’ da Mendiak Hurbilduz lehiaketara aurkeztu zenuen filmaren izena. Zer kontatzen du istorioak?
Lesio bat duen mutil baten istorioa da; etxean dago, hanka igeltsatuta, argazkiei begira. Eskaladako tresnak gordetzen dituen armairua ere zabalduko du. Denbora aurrera doa, eta berak etxean jarraituko du, mendira joan ezinak sortzen dion hutsuneagaz. Hortik dator Hutsunea izena. Gainera, filmean erabilitako abestia No puedo vivir sin ti izan zen.

Kmovie lehiaketako bigarren saria ere lortu zenuten zuk eta beste bostek. Zelan sentitu zara zuen lanak saritu dituztela jakin ostean?
Nik ez nuen Platerueneko saria espero, baina, bigarren urtea denez eta jende ezaguna dabilenez antolatzen, filma aurkeztea erabaki nuen. Horretaz gainera, iaz hiru film besterik ez ziren aurkeztu, eta, zelanbait, lagundu ere egin nahi nien; jendea animatzea izan zen gure helburua. Arratsalde bitan grabatu genuen tableta bategaz; kalitate aldetik gure irudiek ez zuten zer eginik, baina, irudiez gainera, filmak argumentua ere behar zuela azaltzen zen lehiaketako baldintzetan, eta horri eutsi genion.

Kmovie leihaketako bigarren saria ‘Zaunk’ izeneko filmagaz lortu zenuten. Euskararen inguruko film bat egitea zen helburua, eta zuek kritika bat egin zenuten.
Bai, kritika egin nahi genuen, baina mezua ulertzen da, eta film hau ere baliabide gutxigaz egin genuen. Mozorroa ere argi ikusten da nahiko eskasa dela. Azkenean lortu genuen filma egitea, eta jendeak mezua ulertu zuen.

Film lehiaketa askotara aurkeztu zara?
Egia esan, Kmovie eta Mendiak Hurbilduz lehiaketetara bakarrik aurkeztu naiz.

Bi film aurkeztu, eta bi sari irabazi dituzu. Esan daiteke arrakasta izan duzula?
Ez, ez, ez. Uste dut dena zorte kontua izan dela.

Mendian ibiltzea zure beste zaletasun bat da. Noiztik datorkizu zaletasun hori?
Txiki-txikitatik daukat mendira joateko zaletasuna. Nire gurasoei ere mendia asko gustatzen zaie, eta eurekin hasi nintzen mendira joaten. Asteburuetan inguruko mendietara joaten ginen, eta udan Pirinioetara joateko ohitura genuen. Gainera, nire inguruko jendeak ere zaletasun berbera dauka, eta, orduan, erraza da jendea aurkitzea mendira txangoren bat edo beste egiteko.

Mendiak gustuko izanda, zein da zure mendi edo txokorik gogokoena?
Bakarra baino, asko ditut gogoko. Aspaldian asko joaten naiz, eta ez dakit zergatik, Untzilatx aldera. Anbotok ere badu bere xarma, baina sarritan jende askogaz egiten duzu topo bidean, eta Untzillatxera joan naizenetan, ostera, ez dut inor ere aurkitu bidean.

Beste zaletasun bat ere baduzu: Kriskitin dantza taldeko kidea zara.
Umetan Tronperri dantza taldean sartu ninduten gurasoek. Baina nagusi egin ondoren ere dantzan jarraitu dut. 3 urte nituela sartu ninduten dantza talde batean, eta orain 32 urte ditut.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!