Txaletak eraikitzeko egitasmo bat azaleratu da udalbatzarrean

Anboto 2015ko urt. 29a, 09:47

EH Bilduk Kabilduosteko txaleten proiektua eteteko eskatu du.

2005ean onartutako arau subsidiarioak eguneratzeko lana hasi zuten duela urte bi. Diagnostiko parte-hartzaile bat garatzea adostu zuten alderdiek, baina arkitektoen elkargo batek errekurritu egin zuen. Geroztik, etenda egon da ekimena. EH Bilduk (Bildu eta Aralar) berriro ekiteko eskaera egin du udalbatzarrean, “espekulazioaren eta higiezinen burbuilaren garaian onartutako arauak” indarrean daudelako. Gainera, diagnostikoa egin bitartean etxebizitzen eraikuntza egitasmoak etetea gura du. Tartean, San Rokeko Kabilduoste eremuan hamabi txalet eta bederatzi etxe bloke eraikitzeko proiektua. Kabilduosteko lurjabeek aurkeztu dute udalean, eta duela hil bi udaleko teknikari batek aldeko txostena egin zuela dio EH Bilduk. Etxebiden 2.000 durangar izena emanda daude, eta, beraz, EH Bilduren ustez, txaletak egiteak “ez dauka logikarik”.

EH Bilduk esan du legeak babesten duela proiektuak eteteko asmo hori hirigintza arauak berraztertzerakoan. Baina horretaz zalantza agertu dute EAJk eta PSE-EEk, eta mozioa baztertu dute. EAJren iritziz, udalari kostu ekonomikoa ekarriko lioke. Edozelan ere, plan berriari ekiteko beharra nabarmendu du PSE-EEk.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!