Durangoko herri krosaren hirugarren aldia antolatuko du Mugarra Triatloi Taldeak domekan

Anboto 2015ko urt. 28a, 12:47
Durangoko herri kroseko irteerako unea. Argazkia: MugarraTT

Mugarra Triatloi Taldeak antolatuta, Durangoko III. Herri Krosa lehiatuko dute domekan, Durangoko kaleetatik zehar ezarritako zirkuituan. Urtero legez, 5 eta 10 kilometroko lasterketa bana egongo dira aukeran. Antolatzaileek azaldu dutenez momentuz 225 lagunek eman dute izena.


Lasterketa biak 11:00etan hasiko dira, Ezkurdin, eta toki berean dago helmuga ere. Proba laburra aukeratzen dutenek zirkuituari itzuli bat emango diote, eta gainerakoek bi. Ezkurditik abiatuta, Ermodo kaletik Landako etorbidera sartuko dira korrikalariak; Txibitena auzunetik bueltan, Arripausueta pistaren atzealdeko bidegorritik berriro Landakora bueltatuko dira; ondoren, Mikeldi, Frai Juan Zumarraga, Alluitz eta Askatasun etorbidetik egingo dute Ezkurdirainoko bidea.

Izena aurretiaz eman daiteke www.mugarratt webgunean (10 euro) eta domekan bertan ere egongo da izena emateko aukera, Ezkurdin, lasterketa hasi baino ordu erdi lehenagora arte (15 euro).

Aurten dortsalen banaketaren ordutegia zorrotz beteko dutela adierazi du Serafin Bereziartua MugarraTTko kideak; 09:00etan hasi, eta 10:30ean itxi egingo dute: “Iaz lasterketa hasi baino bost minutu lehenago dortsalak banatzen ibili ginen, eta horrek antolaketa korapilatzen du. Horregatik, aurten ordu erdi lehenago itxiko dugu dortsalen banaketa”.

Kronometrajeen balorazioa
Espainiako Triatloi Federazioak sustatuta eta Euskadiko federazioaren bidez, Mugarra Triatloi Taldeak gazteentzako kronometraje probak antolatu zituen joan zen zapatuan, Durangoko igerilekuan eta atletismo pistan. Euskal Autonomia Erkidegoan horrelako zerbait egiten den lehen aldia izan zen, eta “Durangon ekimen hau urtero egin” gura dutela dio Bereziartuak. Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko 28 gaztek parte hartu zuten igeriketa eta korrika probetan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!