Durangoko larrialdietan erizain gehiago jartzeko asmoa zertan den galdetuko dute Jaurlaritzan

Anboto 2015ko urt. 27a, 13:19

Eusko Legebiltzarrak Jaurlaritzari pertsonala gehitzeko eskatu zion iazko abenduan. EH Bildu, PSE eta PPren aldeko bozkekin egin zuten eskaria, eta orain, egitasmoa zertan den galdetuko dio EH Bilduk Jaurlaritzari.

Durangoko larrialdietan erizain gehiago egoteko eskaria iazko abenduaren 1ean egin zuen Eusko Legebiltzarrak. EH Bildu, PSE eta PPren aldeko botoekin egin zuten legez besteko proposamena, eta lan txanda bakoitzean bi erizain lanean egon ahal izateko pertsonala handitzea eskatu zuten.

Ebazpena zertan den jakiteko, galdera erregistratu du EH Bilduko Rebeka Ubera legebiltzarkideak. Koaliziotik ohar bidez azaldu dutenez, Osasun Sailak proposamena betetzeko eman dituen urratsak ezagutu gura dituzte: "Gobernuaren ardura da Legebiltzarrak onartu zuena betetzea eta Durangoko etenik gabeko gunea beharrezko baliabideekin hornitzea. Lehentasun gisa izan beharko luke, besteak-beste, gero eta jasanezinagoa bilakatzen ari den egoerarekin bukatzeko”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!