'Itsasoa' gaia hartuko dute Hitzez eta Ahotsez ekimenaren bigarren urtean

Anboto 2015ko urt. 21a, 15:20

Joseba Sarrionandiaren literaturaren inguruan ardaztu zuten iaz Hitzez eta Ahotsez ekimena. Durangaldeko hainbat kulturgilek eta kulturzalek idazle iurretarraren obran sakondu zuten ekimenaren barruko berbaldi eta tertulietan, eta, apirilean, arratsaldetik gauerdira arte, 200 lagun bildu zen Joseba Sarrionandiaren berba eta gogoetak errezitatzera eta abestera, Durangoko Plateruenean.


Euskaltzale talde batek antolaturiko bigarren edizio honetan, besteak beste, Sarrionandiaren literaturan ere esanguratsua den gai baten inguruan aritzea erabaki dute: itsasoa kontzeptuaren ingurukoa izango da Hitzez eta Ahotsez ekimenaren bigarren edizioa.

Gai hori hautatzeko arrazoiez galdetuta, hainbat aipatu dituzte antolatzaileek: “Euskal literaturan gehien erabili izan den gaietako bat da itsasoa, metaforetarako aukera bikaina eskaintzen du, itsasoari buruz idatzi duten idazleen lanak oso gogoko ditugu, eta, itsasoari buruzko hainbat poema musikatuta daudenez, oso egokiak dira irakurraldirako.  

Itsasoak Sarrionandiaren literaturan izan duen presentziari buruz Itsasoa da bide bakarra liburua argitaratu berri duen Eider Rodriguez (Orereta, Gipuzkoa, 1977) idazlearen berbaldiagaz hasiko da aurtengo Hitzez eta Ahotsez. Sarrionandiaren itsas irudien –naufragoak eta portuak, esate baterako– azterketaren inguruko berbaldia eskainiko du Rodriguezek urtarrilaren 27an, 19:00etan, Durangoko Arte eta Historia Museoan.

Iazko lehenengo edizioan bezala, herri errezitaldi bategaz emango diote, aurten ere, ekimenari amaiera. Apirilaren 24an, Durangoko Plateruenean izango da ekitaldi hori. Hainbat idazleren ipuinak, narrazioak eta poemak izango dira 2015eko Hitzez eta Ahotsez ekimeneko errezitaldirako gaiak: Joseba Sarrionandia, Leire Bilbao, Miren Agur Meabe, Kirmen Uribe, Txomin Agirre, Pako Aristi, Toti Martinez de Lezea eta Aurelia Arkotxarenak, esaterako.

Baina horretaz gainera, aurtengo nobedadea izango da sortzaile ezezagunek tarte berezia izango dutela errezitaldian. Izan ere, antolatzaileek aukeratutako testuak zein norberak sortutakoak irakurri ahal izango dira. Antolatzaileen berbetan, “testuaren luzera izango da muga bakarra: pare bat minutu izango ditu irakurle bakoitzak, bere testua irakurtzeko”.

Iaz bezala, apirileko ekitaldiaren aurretik, tertulia literarioetan elkartuko dira otsailean eta martxoan, Durangoko Udal Bibliotekan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!