Kulturgintzaz hausnartuko dute aurtengo Topaldian

Anboto 2015ko urt. 21a, 09:17
Motibazioa izan zen iazko Topaldiaren gaia. (Argazkia: Topagunea)

Euskaltzaleen Topaguneak antolatuta, eragile euskaltzaleek kulturgintzan daukaten funtzioaz hausnartuko dute urtarrilaren 29an. Topaldia ekimenaren hamabigarren edizioa izango da, Durangon ospatuko da, eta 09:00etatik aurrera goizez zein arratsaldez egongo dira berbaldiak. Parte hartu gura dutenentzako izen-ematea urtarrilaren 26an amaituko da, eta www.topaldia.wordpress.com webgunean egin beharko dute.


Topaguneak bidalitako prentsa oharrean dioenez, “hizkuntza komunitatearen garapenerako tresna ezinbestekoa da kulturgintza”. Horregatik, euskaltzaleen mugimenduak hasieratik lehentasun gisa hartu duela azaldu du. Azken hiru hamarkadetan ekitaldi ugari antolatu izan direla adierazi du, baina denbora horretan hainbat baldintza aldatu direla ere bai. Horregatik, hausnarketa berritzeko beharra ikusten dute Topagunekoek.

Hamar berbaldi antolatu dituzte, eta Igor Elortza bertsolariak, Lorea Agirre Jakin aldizkariko zuzendariak eta Hekimen elkarteko Alberto Barandiaranek parte hartuko dute, besteak beste.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!