Durango fracking bako herri izendatu dute

Anboto 2014ko abe. 17a, 11:00

Durango, fracking bako herria. Horrela izendatzea erabaki zuten martitzenean Bildu, Aralar eta PSE-EEk. Fracking Ez Plataformak aurkeztutako mozioa babestu zuten, eta ondorioz, Eusko Jaurlaritzak gasa ote dagoen ikertzeko emandako Lore baimena bertan behera geratzea exijitu zuten. Durangoko lurrak sartzen dira baimen-eremu horretan, eta Durangaldean Saia, Mirua eta Sustraia eremuak ere aurreikusita daude.


Ez ohiko gasaren ustiapena haustura hidraulikoz garatzeari deitzen zaio frackinga. Lurpean, sakontasun handiko geruzetaraino zulo bertikala egiten da, eta gero horizontalean jarraitzen dute. Ura gai kimikoekin presio handian sartzen dute, eta eztanda horiekin gasa ateratzen dute.   Sistemaren kontra dagoen plataformaren arabera, kutsagarria da airearentzat zein urarentzat, eta arriskutsua izan ahal da pertsonentzat ere.  

“Ikerketa sakonagoa”
Jeltzaleen babesa espero zuen Dani Maeztuk (Aralar): “Aldaketa klimatikoaren aurkako plan bat onartzea eta frackingaren alde egitea ez da zentzuzkoa”. Baina, EAJ abstenitu egin zen. Goiztidi Diaz bozeramailearen esanetan, ados daude mozioaren funtsagaz, baina “ikerketa sakonagoa” behar dela uste dute. Jon Andoni del Amoren (Bildu) ustez, energiaren gaian zibilizazio-erronka baten aurrean gaude, eta “eredu publiko, komunitario eta jasangarrirantz” jo behar da. Idoia Agorriak (PSE-EE) gogoratu zuen Frantzia nahiz Herbehereak lako herrialdeetan frackinga atzera bota dutela, eta “energia berriztagarrien alde” kokatu zen.  
Juan Jose Gastañazatorreren (PP) iritziz erreserbak aztertu behar dira, eta “teknika hobetzen denean erabaki”. Mozioaren kontra bozkatu zuen.

Mozioak herririk herri
Herririk herri mozioak aurkezten dabil Fracking Ez plataforma, Durangaldea fracking bako gune bihurtu guran. Mañarian, Iurretan eta Otxandion  ere onartu dituzte dagoeneko, lehen kasu bietan EAJren babesagaz.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!