Auzitegi Gorenaren erabakiaren zain

Anboto 2014ko abe. 16a, 11:06

Espainiako Auzitegi Gorenak 56 euskal presoren zigorrak luzatu edo ez aztertuko du gaur. Horren aurrean, kontzentrazioa deitu du Ezker Abertzaleak, 19:00etan, Andra Marin.

Antolatzaileen arabera, Frantzian betetako zigorra berriro ere betearazi gura diete Espainian 56 preso hauei. Espetxe politika "kriminala" dela diote: "Zigorrak luzatzea biziarteko zigorra ezarriz, sakabanaketa, isolamendua, larriki gaixo diren pertsonak preso mantentzea eta jipoitzea... edozein neurri du zilegi PPk". Euskal Preso Politikoen Kolektibotik kanpoko beste preso batzuei duela aste gutxi ezarritako kaleratzea 56 horiei aplikatu ala ez erabakiko dute epaileek.

"Espetxe politika da PPren tresna nagusia Euskal Herriak bakearen bidean aurrera egin ez dezan", diote Ezker Abertzalekoek. Horregatik, presoen eskubideen aldeko borroka indartzeko deia egin dute, "bake agertoki bat ezingo delako finkatu preso bakar bat espetxean dagoen bitartean".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!