Geu Be elkartea laguntzeko gabonetako kontzertua eskainiko dute Musika Eskolako ikasleek

Anboto 2014ko abe. 16a, 10:07
Gehi Zazpi biolontxelo taldeak parte hartuko du, besteak beste, emanaldian

Abenduaren 19rako antolatu dute Bartolome Ertzilla musika eskolakoek gabonetako kontzertu berezia. San Agustin kulturgunean izango da emanaldia, 19:00etan, eta sarreratik biltzen den dirua Geu Be elkartera bideratuko dute.

Musika eskolako talde instrumentalek hartuko dute elkartasun kontzertu horretan parte: Orkestra Gazteak, txikien eta gazteen bandak, Gehi Zazpi biolontxelo taldeak eta sokazko folk musika taldeak joko dute. Guztira, 70 ikaslek hartuko dute emanaldian parte.

Ezgaitasun intelektuala eta premia bereziak dituzten pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko helburua gauzatzen laguntzeko, Geu Be elkartera bideratuko dute ekitaldiaren irabazia. Ekarpena egin gura duenak, nahi beste sarrera birtual erosi ahalko ditu, Kutxabank-en kutxazainetan zein interneteko gunean, zein Durangoko Arte eta Historia Museoan; sarrera bakoitzaren prezioa da Geu Be laguntzeko emango duguna. Sarrera, beraz, ez dugu jesarlekua gordetzeko hartuko, baizik diru hori elkarte hori laguntzeko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!