Angel Calvete: "Errealitatea, kasu honetan basoa, inoiz margotu ahalko duguna baino askoz gehiago da"

Anboto 2014ko abe. 13a, 10:15

Margo erakusketa ipini du Angel Calvete eskultore eta margolari durangarrak Zornotzako Zelaieta zentroan

Zelan sortu da proiektu hau gauzatzeko aukera?
Orain arte eskulturan pinturan baino askoz gehiago aritu izan naiz, eta sinbolismoan eta surrealismoan mugitu izan naiz gehiago. Nire estiloa ez da hau, baina mendia eta basoa oso gustuko ditut, eta horrek eroan nau egitasmo hau martxan jartzera.

Zein izan da helburua?
Paisaien bitartez sentimendu batzuk transmititu nahi ditut. Malenkonia, bakea, bakardadea, lasaitasuna sentitzen dut basoan nagoenean, eta, hain justu, horiek dira helarazi gura ditudan sentsazioak; han ez dago tentsio edo estresik, eta horra eraman nahi dut ikuslea. Ez dut nahi ikuslearen begirada koadro bakoitzean zazpi edo zortzi milioi hosto dauden pentsatzen zentratzea. Ikustera datorrenaren barrua harago joatea nahiago dut.

Zer teknika erabili duzu?
Bi teknika erabili ditut erakusketan dauden koadroak egiteko: tamaina handienekoak pintura akrilikoagaz egindakoak dira, eta formatu txikiagoko marrazkiak tinta txinatarragaz egin ditut. Olioa baino gehiago gustatzen zait akrilikoa, disolbatzaileak erabiltzea ez dudalako batere gogoko. Baina akrilikoak ez dauka olioak besteko indarrik, eta hosto bakoitza egiteko margo-geruza bat baino gehiago erabili dut. Tintagaz egindako koadroak askoz detaile gehiagokoak dira.

Eskulturatik pinturara zergatik egin duzu jauzi?
Eskultoretzat daukat nire burua, baina, bestalde, ez dut ulertzen bere burua artistatzat duena diziplina batera bakarrik mugatzea. Errenazimentuan artista zer zen ulertzeko zuten modua dut gogoko. Margotzea bakarrik ez, idaztea ere gustuko dut, esaterako. Artistak osoa izan behar du.  

Errealitatearen antz handiena duen lana egiten saiatzen zara?
Egin izan ditut koadro abstraktuak ere, baina, egia esan, gehiago asebetetzen nau errealismoak. Harrigarria izan badaiteke ere, nire ustez, erakusketa honetako koadroak abstraktuak dira: koadroetan basoak daude, enbor sikuen xehetasunak, haitzetako pitzadurak, goroldioak... Abstrakzio errealista da, izan ere, zuhaitz bati errealitatean dauzkanak baino 700.000 hosto gutxiago margotzeko askatasunagaz dihardut.  

Argazkietatik abiatuta egin dituzu marrazkiak?
Bai, lekuak aukeratu, argazkiak egin, eta horietan oinarrituta egin ditut marrazkiak. Zuhaitz hori dagoen lekura joateko hiru ordu behar ditut, eta ezin dut materialekin hara-hona ibili. Hori bai, argazkiak egiteko, zuhaitzen hostoak nik nahi bezala egoteko zegokion urtarora arte itxaron behar izan dut, eta nire koadroan islatu gura nuen argia zuen argazkia lortu arte saiatu. Baina errealitateak gainditu egiten zaitu beti, eta lan honi umiltasunez baino ezin zaio ekin. Nik adarrak, hostoak eta goroldioa mimo handiagaz margotu arren, paraje hura ikusita, gutxi irudituko zaigu beti. Basoa askoz gehiago da guk inoiz margotu ahalko duguna baino. Nire ustez, teknika perfektua izatea baino garrantzitsuagoa da oinarrian edo atzean dagoena: ikusleak jasotzea gura nukeena transmititzea.

Ikusi duzu bisitariek jaso dutela erakusketaren mezu hori?
Bai, eta hainbatek esan didate irudiek bakea transmititzen dutela eta basora sartzeko gogoa ematen dutela. Koadroak harrapatu izan balitu bezala geratu direla esan didate, zer ordu den ere ahaztu egin zaiela.

Zer darabilzu orain buruan?
Azken koadroa duela hogei urte amaitu nuen. Baliteke bide honetatik ez jarraitzea; izan ere, hainbeste hostotxo marrazten, kontsolatuta geratzen zara! [Barrez]. Udaberrira arte, baina, ez naiz ezertan hasiko: egiten dudanak gogoeta handia dauka atzean, eta hori ezin daiteke inprobisatu. Oso pentsatua dago.

Eskulturari helduko diozu?
Oso alboratuta daukat, denbora asko eta dedikazio handia eskatzen duelako. Diseinu industriala dut ogibide, baina badut eskultura tailer bat Zornotzan. Egia da eskultura dela gehien gustatzen zaidana, baina ezin diot eskatzen duen dedikazioa eskaini.

Familian hainbat eskultore eta margolari izan dituzue.
Nire arbasoak eskultore eta margolariak ziren, eta tradizio horrek asko eragin dit. Nik egiten dudanak ez dauka meriturik [barrez]; genetikoa da, barruan neraman. Oñatiko aitita marmolaria zen, esaterako. Autodidakta izan naiz, eta Zornotzako Lurkoi arte tailerrean hasi nintzen artea lantzen, 70eko hamarkadan; adibidez, zeramika, margolaritza, argazkigintza eta bideogintza irakasten genituen tailer horretan.

 

Pagadi eta harizti kutunen irudiak eta sentsazioak margotu ditu

Angel Calvete margolariak kontatu du zazpi hilabete eman zituela albiste honetako argazkiak agertzen duen koadroan lan egiten: “Hori da erakusketa honetako koadro esanguratsuenetariko bat”, dio egileak.

Hiru lekutako paisaiak dira Basoa eta bere esentzia erakusketan batu dituenak: Eskuagatz inguruko pagadi karstiko bateko irudiak dira koadroetan agertzen direnetariko asko. “Baso magikoa” deitzen dio artistak inguru horri, eta azaldu du gaztetan txakurragaz egun batzuk pasatzen egondakoa dela bertan. Eskuagatzen egindakoak dira pintura erakusketa honetarako dokumentaziotzat erabili dituen argazkiak ere.

Burgos eta Karrantza arteko Ordunteko mendietakoak dira erakusketako beste paisaia batzuk. Sarritan joaten da Calvete inguru horretara ere. “Benetan leku basatia da hura; ehunka urte dituzten pagoak daude; baita oreinak eta otsoak ere”.

Koadroetan islatutako hirugarren kokagunea, ostera, Burgos, Errioxa eta Soria arteko Demanda mendilerroa da; bertan ikusitako ihartutako haritz enbor batzuen marrazkiak ere badaude erakusketan.

Angel Calvete artistak Zornotzan aurkeztu duen bakarkako lehenengo erakusketa da Basoa eta bere esentzia, eta abenduaren 20ra arte egongo da ikusgai Zelaieta zentroan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!