Euskarazko 35 film eskainiko dituzte Zugaza zinemako Irudienea gunean

Anboto 2014ko abe. 5a, 14:15

Euskarazko zinemaren gune bilakatuko da, Durangoko Azokako egunetan, Zugaza zinema. Euskaltzaleen Topagunearen eskutik, zinemako 35 sorkuntza izango dira ikusgai: film luze eta laburrak, bideoklipak eta iragarkiak izango dira, besteak beste, ikusgai. Egileekin solasaldiak ere antolatu dituzte, eta Kameratoia film laburren rallya ere hartuko du Irudieneak.


Durangoko Azokak irauten dituen lau egunetan, egun osoko egitaraua izango da Irudienean. Askotariko adin eta intereseko ikusleei zuzenduriko eskaintza izango da Uribarri kaleko ikus-entzunezkoen plazan.
Jon Garaño eta Jose Mari Goenaga zuzendariek Loreak filma aurkeztuko dute, domekan, 19:00etan. Lore sorta xume batek hiru emakumeren bizitzetan zelan eragiten duen kontatzen du lanak. Donostiako Zinemaldian estreinatu zutenetik, Euskal Herriko zinema areto asko bete ditu Loreak filmak. Irudieneako eskaintzaren berezitasuna da egileak filmari buruz berbetan entzuteko aukera dagoela.

Fikziozko beste film luze bi ere emango dituzte Irudienean: komediazkoa da bata, eta umore ukitu nabarmeneko zonbiei buruzko filma bigarrena. Gaur izango da Bingen komediazko filmaren emanaldia: Ander Odriozola egileak, eta Miren Gaztañaga eta Galder Perez aktoreek aurkeztuko dute filma. Bihar emango dute, bestalde, Joxean’s Hil Eben. Beñat Iturrioz eta Xabier Padin zuzendariak, eta Etxahun Galparsoro aktore nagusia gonbidatu dituzte Irudieneako aurkezpen horretara.

Urtero bezala, umeentzako filmek ere izango dute lekurik Irudienean, eta Euskal Herrian ekoitziriko film laburrak ere emango dituzte Laburbira izeneko sailean.

Dokumentalen eskaintza
Askotariko gaiez gogoeta egiteko, inoizko dokumental eskaintza zabalena eskainiko du Irudieneak, gaurtik astelehenera arteko Durangoko Azokan. Urepeleko Fernando Aire Xalbador bertsolariari buruzko Xalbador, izana eta izena dokumentalaren Hego Euskal Herriko estreinaldia hartuko du, esaterako, Irudieneak. Abenduaren 6ean, Eneko Dorronsoro zuzendaria izango da filma aurkezten. Gainera, hamargarren urteurrena ospatzen diharduen Adarrots musika taldeari buruzko dokumentala eskainiko dute, eta baita taldearen zuzeneko musika ere: domekan, 14:00etatik aurrera.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!