Merkatuko postu finkoa baserritarrek ere babestu zutela dio Dendak Bai elkarteak

Anboto 2014ko aza. 24a, 17:00

Merkatu plazako baserritar batzuek gutuna bidali zuten prentsara, esanez kanpoan ipiniko den postu finkoari kutsu elektorala hartu diotela. Horretarako inbertitu den dirua udal ordenantza betearazteko erabiltzea eskatzen zuten. Bada, Dendak Bai elkarteak erantzun du erabakia baserritarrek ere babestu zutela.

Merkatarien elkarteak azaldu du Durangoko merkatu plazan postu finko bat ipintzeko ideia Bilbon sustraitu zela, Enkarterrietako produktuak saltzen zituen postu bat ikusi zutenean. Ordizia eta Tolosara ere bisitak egin zituzten, beste azoka batzuk ezagutzeko.

Behin ideia jasota, batzarrean landu eta onartu zuten. Onarpen horretan baserritarren ordezkariek ere parte hartu zutela esan du Dendak Baik, eta hori egiaztatzeko akta bat bidali dute.

Dendak Baik adierazi du iaz hasi zela merkatu plazako mahaian parte hartzen, merkatarienganako lehia desleiala ekiditeko eta merkatua erakargarri bihurtzeko helburuz.

Amankomunazgoak 15.000 euro eman dizkio Dendak Bai elkarteari ekimena kudeatzeko, baina merkatariek esan dute diru hori ez dela hasierako inbertsioa egiteko nahikoa, eta gainerako dirua elkarteak berak ipiniko duela.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!