Organo kontzertua eta solasaldia eskainiko ditu Jose Luis Echechipiak, barikuan, Andra Marian

Anboto 2014ko aza. 24a, 16:00
Xabier Aranak aurkeztu ditu urte amaierara arteko Arandoño elkartearen emanaldiak.

Arandoño kultur elkarteak urte honetarako antolatu dituen bost organo kontzertuen azken aurrekoa hartuko du, azaroaren 28an, 20:00etan, Andra Mariako basilikak. Flores invernales izeneko emanaldia eskainiko du Jose Luis Echechipia organistak, eta kantuei zein bere lanari buruzko azalpenak ere tartekatuko ditu.

Eliza horretan aurkeztu ditu Xabier Arana Arandoño elkartearen ordezkariak, gaur, 2014ko organo kontzertuen azken bi emanaldiak. Barikuko Echechipiaren emanaldiaren ostean, François Espinasse frantsesagaz izango da hitzordua: abenduaren 19an ariko da izen handiko organista hori, Durangoko Andra Mariaren basilikan.

Arandoño elkarteak gonbidatuta hainbat aldiz jo izan du Jose Luis Echechipiak Durangon, baina Aranak azpimarratu duenez, kontzertu-solasaldi formatu honetan, "nasaiago" jardungo da, bariku honetan. Entzuleek musikariei galderak egiteko aukera ere eskainiko dute, bestalde. Errepertorio bariatua eskainiko du Echechipiak, barikuan, Durangon.

Organo kontzertuen ziklo honetan ohikoa den bezala, elizako altarean ipiniko duten pantailatik emango dituzte organistaren irudiak, jotzen dabilen bitartean. 

François Espinasse, abenduan

Hamasei urte daramatza Arandoño elkartekoak organu kontzertuen ziklo hau antolatzen, eta maila altuko organistak gonbidatu izan dituzte antolatu dituzten 50 emanaldietara. Ildo horretan, abenduaren 19ko organistaren emanaldia ere azpimarratu du Xabier Aranak, gaurko aurkezpenean. Parisko Saint Séverin elizako Versallesko errege-kaperako organista baita, urte amaieran Durangon ariko den François Espinasse.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!