Askatasunaren eta arauen talkari buruz, 'Arkimedesen printzipioa' antzezlana

Anboto 2014ko aza. 20a, 12:13

Durangoko San Agustin kulturgunean eskainiko dute Eneko Sagardoy Durangoko aktoreak eta Maskarada taldekoek Arkimedesen printzipioa antzezlana, azaroaren 23an, 19:00etan. “Harrotasun eta lasaitasun handiagaz” ariko dela dio Sagardoyk: “Asko zor diot San Agustini, eta obra lagunen eta etxekoen aurrean erakusteko ilusioz nago”.


Josep Maria Miro i Colominaren testuan oinarriturik dago Arkimedesen printzipioa antzezlan naturalista. Norbanakoaren askatasunaren eta gizarteko arauen arteko talkaren ingurukoa da. Obraren hasieran aita bat agertzen da esanez Facebookean irakurri duela igerilekuko begiraleak mutiko bati muxu eman diola ahoan.

Iñaki begiralearen papera antzezten du Sagardoyk. Pertsonaia oso interesgarria dela dio: “Jatorra, oso naturala, mutil sano eta maitakorra da”. Sare sozialen eraginari buruz, beldurrez, egiaz eta gezurraz dihardu obrak. “Zer gertatzen da salatua den pertsonagaz?”, galdetu du Sagardoyk. Antzezlanekoa “gai latza, deserosoa eta polemikoa da”, aktore durangarraren berbetan. Obra amaitzean, batzuen ustez, erruduna da Iñaki, pederasta. Beste batzuen ustez, aldiz, pertsona ona da. Obra bera ikusi dute denek, baina iritzi guztiz kontrajarriak dauzkate.

Bilboko Arriaga antzokian estreinatu zuten obra, eta azaroan Azpeitiko Euskal Antzerkiaren Topaketetan ere izan ziren. Gaiarekiko interesa piztu dute emanaldi guztiek, eta ikusleen gogoeta ere bai.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!