Seiurteko mutilen naturaltasuna eta aire freskoa, Plateruenean

Erabiltzailearen aurpegia Marisa Barrena 2014ko aza. 20a, 11:06

Berrizko taldea izan zen Platerueneko Kantuaren Kantoia zikloko hirugarren gonbidatua, atzo. Marisa Barrenak idatzi du saioari buruzko kronika. (Bideoa: Joxe Amantegi)

Gazteek berezkoa duten energia, naturaltasuna eta freskotasuna ekarri zuten Seiurte taldeko mutilek Plateruenera. Musikariak eta entzuleok elkarrengandik gertu egon ginen eguaztenean eta hurbiltasun horrek sortutako lokarri ikusezin gozoan murgildu ginen 90 bat minutuz. Konturatu orduko amaitu zen saioa. Plateruenak ekimen hau burutzen urteak daramatzan arren, lehen aldiz parte hartu nuen elkarrizketa musikatuan eta aitortu behar dut esperientzia atsegina suertatu zitzaidala, oso. Plateruek txukun jarri zuten eszenatokia be, argien ñir-ñir fina gehituz.

“Ze arin doan denpora” esanez eman zion Jonan Hernandezek saioari hasiera eta “pop-rock melodia bikainen sortzaile eta eskualdeko talderik interesgarriena” aurkeztu.

Gazteak ditugu berriztarrak baina taldea ez da atzo goizekoa: 1996/1997an sortutakoa da. Hiru partaide izan ziren eguaztenean; Iokin kantuan eta gitarran, Iñaki gitarran eta Julen perkutsioan. Ez zen haientzat ohiko formatoa, “berba eittie kosta egiten jaku”, esan zuten hasieran, baina ondo hartu zuten karretea.
Musika maite dutela eta lagunartean, presio barik kantatzea atsegina suertatzen zaiela, hobbya dela musika egitea eta kantatzea. “Ondo pasetie” helburu, seriotasuna baztertu barik. “Euskal Herriko zirkuitoa gozada da” zioten. Asteburu pasa Galiziara joan zireneko oroitzapena berriz, ahaztezina, “gastro-rock” jarraitzaile sutsuak ei dira. Euskaraz abestuta kanpoan izan duten harrera ezin hobea azpimarratu zuten: Madrilen, Bartzelonan…

Lau abesti eskaini zizkiguten, zein baino zein ederragoak. Eskertzekoa Iokinek hainbesteko sentimenduz abestu zituen kanten letrak hain argi ulertzea. Gitarra be ederto astindu zuten Elortza anaiek, Julen saiatu zen perkusioan. Normalean jendaurrean jotzen ez duten Basamortua izan zen lehena. Kantariak berba bakoitzari eman zion ukituak nor bere basamortura eraman gintuen.

Jauzia izan zen hurrengoa:  “argiak itzali ziren gau hartan/ikuslerik gabeko jauzia, han gelditu zinen botilari itsasia”. Bakardadearen zirrara barruraino sentitzeko modukoa. Disketxeak porrot egin eta diskoa egiteko egin behar izan zituztenak eta Durangoko Liburu eta Disko Azokan kartela hartuta disko saltzen ibili zireneko komeriak ere kontatu zituzten.

Inspirazio agorraldi baten ondorengo fruitua izan omen zen 4 diskoko Hilotzarena abestia. Metafora. Gitarra eskuan hartu eta gauerdi aldera izaten omen du inspirazioa Iokinek, telezaborra ikusten duen bitartean. Ondoren Atlantida diskoko Gauean, gurean, lurrean abesti borobil eta limurtzaileaz disfrutatu egin genuen.

Bukatzeko, prestatzen ari diren Ezpalak diskoko kanta baten aurrerapena entzuteko zoria izan genuen. Dastatze horren ostean, diskoaren zain eta irrikan geratzen gara. “Amaitzen dutenean” kaleratuko dute, “presa barik” .

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!