Inoizko sortzaile kopuru handiena bilduko da aurten, Durangoko Azokan

Anboto 2014ko aza. 19a, 12:37

Aste bi barru hasiko da Durangoko Azoka. Gaurko aurkezpenean eman dute jakitera, besteak beste, Okzitania izango dela aurtengo kultura gonbidatua, eta Anuntxi Arana antropologoari eskainiko diola Gerediaga elkarteak Durangoko Azokan ematen duen Argizaiola saria.

Nerea Mujika Gerediagako lehendakaria, Lutxo Egia Azokako guneen ordezkaria, Atziber Irigoras Durangoko alkatea, Ana de Castro Bizkaiko Andundiaren ordezkaria, Jose Manuel Bujanda Eusko Jaurlaritzaren kultura sailburuordea, eta BBK, Eroski eta Euskaltel babesleen ordezkariak elkartu dira gaurko agerraldian. Hitza hartu duten erakunde guztien ordezkariek azpimarratu dute Durangoko Azoka estrategikoa dela euskal kulturgintzarentzat eta euskararentzat: gazteak euskarara hurbiltzeko zein kohesio sozialerako Azokak daukan garrantzia goraipatu dute.

Nerea Mujika Gerediagako ordezkariak azpimarratu du, inoizko sortzaile kopuru handiena hartuko duela Durangoko Azokak, aurten. Lehenengoz, euren leku propioa izango dutela autoekoizpenek aurten, azpimarratu du Nerea Mujika Gerediagako lehendakariak: 16 sortzailek erakutsiko dute euren lana bertan. Azoka kulturgintzaren errealitate berrientzat egokitu guran, beste pausu bat dela hori azaldu du Nerea Mujikak: "Azokaren ohiko arauetatik kanpo geratzen direnei ere leku egiteko".

Areto Nagusian, bestalde, iaz baino erakusmahai gehiago izango dira, Durangoko Azokan, aurten: 245 guztira. Horietan, 222 nobedade literario eta 61 disko aurkeztuko dituzte sortzaileek. Gunerik gune, 150 kultur ekitaldi baino gehiago hartuko ditu Durangok, abenduaren 5etik 8ra.

Abenduaren 5ean, irekiko ditu ateak Durangoko Azokak, 10:30ean: Ikasleen Egunean. Egun horretan, arratsaldez, 18:30ean egingo dute inaugurazio ekitaldia. Abenduaren 6an, 20:00etan, emango du, bestalde, Gerediaga elkarteak aurtengo Argizaiola saria: euskal mitologiaren ikerkuntzan egin duen lan eskerga eskertu gura diote sari horregaz, Anuntxi Arana antropologoari.

Okzitania Durangon

Okzitaniako kultura eta hizkuntza gonbidatu dituzte 49. Durangoko Azokara. "Mugakide eta bizikide gara, baina neurri batean ezezegunak ere bagara, eta elkarren arteko ezagutzan sakontzeko aukera izango dugu", azaldu du Nerea Mujikak. Esaterako, euskarak eta Okzitaniak historikoki izandako harremanen inguruko hitzaldia eskainiko dute, Bernat Arrous eta Joaquin Gorrotxategik; Okzitania, herrialde batetik haratago etorkizun kosmopolita berbaldia eskainiko du Sèrgi Javaloyès idazleak; eta okzitaniar ipuinak izango dira egun berean, Sagunganbara gunean, entzungai.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!