Durangoko Baleukok ekoitziriko 'A escondidas', Zugazan

Anboto 2014ko aza. 6a, 15:05

Durangoko Baleuko ekoiztetxearen A escondidas filma ikusteko aukera izango da datozen egunetan, Durangoko Zugaza zineman. Azaroaren 7an (19:00etan), 8an (20:00etan), 9an (21:00etan), 10ean (18:30ean), eta 13an (20:00etan) izango dira Asier Bilbao durangarra produkzio buru daukan filmaren emanaldiak. Egueneko emanaldian, Mikel Rueda zuzendaria ere egongo da, gainera.


Bi mutil nerabek elkarren arteko erakarpena zelan bizi duten kontatzen du, besteak beste, Tuterako Opera Prima jaialdian zuzendari onenaren saria eskuratu berri duen Mikel Ruedaren A escondidas filmak.

Adil Koukouh aktoreak egiten du Ibrahim izeneko 14 urteko mutil marokoarraren rola A escondidas filmean, egun bi barru Espainiatik kanporatuko dutela jakinarazi dioten nerabearena. Germán Alcarazuk egiten du Rafaren papera, 14 urteko beste mutilarena. Euren bizitzetako une zail batean ezagutuko eta maitatuko dute elkar, eta lagunduko diote elkarri.

Filmaren A escondidas izenburuak iradokitzen duen bezala, film luze honegaz sarritan ezkutuan gordetzen diren errealitateei argi egitea izan dela euren asmoa adierazi dute sortzaileek: nerabeek emigrazioa eta homosexualitatea zelan bizi duten agertzea.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!