Gazteentzako kultur arteko antzerki tailerra ipiniko dute martxan

Anboto 2014ko aza. 4a, 10:31

Hamasei eta hogeita hamar urte artekoei zuzenduriko antzerki tailerra ipiniko du Durangoko Udaleko Inmigrazio sailak martxan. Gazte etorkinak eta bertan jaiotakoak antzerkiaren bueltan elkartzea eta euren arteko hartu-emana bultzatzea dira ekimenaren helburuak.

Kulturen arteko ezagutza bultzatzeaz gain, antzerki-trebetasunak eta teknikak ezagutu eta ikasteko, sortu eta komikatzeko ahalmena garatuko dute parte hartzen duten gazteek.

Antolatzaileek aurreratu dutenez, ikasturtean zehar sorturiko antzerki lana taularatuko dute parte-hartzaileek. Durangon egingo dute Kultur arteko antzerki taldearen lehenengo obraren estreinaldia.

Azaroaren 21ean hasita, barikuro, 18:00etatik 20:00etara elkartuko dira tailerraren parte hartzaileak.

Informazio gehiago jaso edo izena eman gura duenak, azaroaren 17ra arte dauka aukera. Inmigrazio sailera deituta jaso daiteke informazioa: 94 465 70 94.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!