Miren Zamakona, Avifes elkarteko kidea: "Gaixotasun mentala duten pertsonei laguntzeko informatu egin behar da"

Anboto 2014ko aza. 1a, 10:00

Avifes gaixotasun mentala duten pertsonen eta senideen Bizkaiko elkarteak eguneko egoitza zabaldu du Muruetatorren. Zornotzako Nafarroa zentroko lokala txiki gelditu zitzaien elkarteko kideei, eta Durangora lekualdatu dira. Antolatzen dituzten ekintzek buruko gaitzak dituzten pertsonen autonomia eta bizi kalitatea indartzea dute helburu. Miren Zamakona Avifes elkarteko batzordekidea da. Hamasei urte daramatza elkartean.


Zelan ezagutu zenuen Avifes?
Orain hamasei urte ezagutu nuen elkartea. Orduan hasi zen nire semea arazoekin. Hasieran argi nuen laguntasuna behar nuela. Diagnosia nahiko berandu ematen dizute. Medikuek ere ez dute jakiten zer den. Sei hilabetera esaten dizute. Momentu horretan mundua gainera jausten zaizu. Hala ere, garrantzitsua da gaixotasuna ezagutzea, gero lagundu ahal izateko.

Elkartera zelan jo zenuen?
Orrialde horiak liburuxka begiratu nuen. Antsietatea nuen. Ez nuen gaixotasuna ulertzen. Ez dakit ondo azaltzen ez zidaten edo ni nintzen ulertzeko prest ez zegoena. Orduan, Avifes elkartea ezagutu nuen.

Zein da elkartearen helburua?
Gaixotasun mentalak dituzten pertsonei eta beraien familiei bizitza osoan babes profesionala ematea. Gaixoak ahalik eta autonomoen izatea, bizi kalitatea izatea eta gizartean integratzea da helburua.

Zelan eman zenituen lehenengo pausoak elkartean?
Elkartean oso informazio zabala eman zidaten. Izan ere, orientazioan ere badabiltza.

Zer arlotan zabiltzate lanean?
Urtero familia-eskola antolatzen dugu, eta urte bitartean sartzen direnentzat aurre-eskola dugu. Birziklapena ere egin dezakezu, eta tailer zehatzak ere bai.  

Zer baliabide duzue?
Besteak beste, zazpi eguneko zentro eta tutoretzapeko hamahiru pisu ditugu. Gainera, Etxebest programa ere badugu, beraien etxean bizi diren eta autonomia handiagoa duten pertsonei zuzenduta. Bisitak egiten dizkiete etxera, eta behar dutenean babesa jasotzen dute.

Gazteei zuzendutako programak ere badituzue.
Gazte Hori programa 16 eta 30 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago. Aisialdirako egitasmoak ere baditugu. Orain, Gorantza kirol elkartea sortu dugu. Aurreraka proiektua, berriz, 25 urtetik gorakoentzat da. Era berean, pertsona batzuei ez zaie eguneko zentrora joatea gustatzen, baina, hala ere, astean behin batzen dira, beraien egoeran dauden beste pertsona batzuekin hartu-emana izateko. Gauza ugari antolatzen dituzte, gainera. Esate baterako, batzuek Donejakue bidea egin izan dute, eta beste batzuek antzerki talde bat sortu gura dute.

Emakumeei dagokien arloari bultzada eman diozue.
Arlo hori aspalditik dabil martxan. Gaixotasun mentalaren arloan, emakumeek estigma bikoitza dute, emakumeak izatearren eta gaixotasuna izatearren.  Sarritan emakumeak etxeko lanak egiten gelditzen dira, eta ez dira hainbeste irteten. Espazio honetan emakumeak biltzen dira, beraien ardurez hitz egiteko.

Buruko gaixotasunen bat duten pertsonentzat, familiak zelako garrantzia dauka?
Familia babes eta zutabe garrantzitsua da. Horregatik, familia informatu egin behar da. Informatu ezean, sarritan pentsa dezakezu alferrak direla. Motibazio eta kontzentrazio falta dutela. Hori guztia gaixotasunaren eta medikazioaren ondorio izan daiteke. Beraz, oinarrizkoa da informatzea pertsonei laguntza eskaintzeko.

Gaixotasun mentala duten pertsonak estigmatizatuta daude gure gizartean?
Bai, badaude. Hala ere, apurka-apurka aldatzen doa. Elkarteak ere ildo horretatik lan handia du egiteko. Ezjakintasunak sortzen du estigma hori. Gaixotasuna ezagutu gabe, pertsona biolentoak eta arriskutsuak direla eman dezake, baina faltsua da uste hori. Alderantziz, sarritan beraiek dira gizartearen mehatxuak jasan ditzaketenak.

Sentsibilizazio aldetik, elkarteak zein lan egiten du?
Institutuetako 15 urteko gazteei zuzendutako tailerrak eskaintzen ditugu gaixotasun mentala zer den ezagutzeko. Gazteek egiten dituzten galderengatik oso interesgarria da.

Durangon eguneko egoitza zabaldu duzue. Aurrerapausoa izan da?
Egoitza hori Zornotzatik dator. Nafarroa zetroan udalak utzitako lokal batean egon gara. Gela bakarra genuen, eta espazio gutxi zegoen. Leku gehiago gura genuen. Han 22 pertsona zebiltzan. Udalak ezin zigun lokal handiagorik utzi, eta pentsatu genuen lehen Emakumearen Sustapenerako Zentroa zegoen lekua egokia izan zitekeela. BBKrena zen lokala, eta utzi egin digute. Espazio gehiago dugunez, 32 plaza izango ditugu.

Erabiltzaileak pozik daude egoitza berrian?
Hasi dira lokal berria erabiltzen eta oso pozik daude. Oso leku onean kokatuta dago.

Duela urte asko gaixotasun mentalak ezkutatu egiten ziren. Gaur egun, gizartean integratzea da helburua.
Oraindik ere ezkutatzen duen jendea badago. Hasieran izaten da hori, kaltegarria dela konturatu arte. Geroz eta autonomoagoak eta independenteagoak izan, hobeto. Sarritan etxean asko babesten ditugu. Avifesen ikusten gabiltza tutoretzapeko pisuetan pertsonak askoz autonomoagoak direla. Gauza asko egiten ikasten dute, ondoren beraien pisuetan bizitzeko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!