Zorionak, eta urte askotarako

Anboto 2014ko urr. 31a, 11:20

Duela hamar urte jaio zen Plateruena kafe antzokia, eta urteotan ekarpen indartsua egin dio Durango eta Durangaldeko bizitza kulturalari. Gaur ospatuko da urtemuga, 19:00etan Andra Marin hasiko den egitarau bategaz.

Musika martxan ipini eta kalejira egingo dute, 19:30ean Plateruenera heltzeko. Lehenengo kanpokaldean batuko dira, kantulagunegaz eta ikusentzunezko ekimen bategaz gozatzeko. Gero, 20:00etan hasiko da ekitaldi nagusia aretoaren barnean. Ez da faltako musika eta dantzarik, ezta jateko eta edatekorik ere. Ez diamante, ez perla, ez urregorririk. Alegrantzia baino ez dago hoberik! plateruen lema islatuko dute beraz.

Plateruenak Zilarberritzen prozesua garatu du kultur proiektua indartzeko, eta kudeaketa eredu parte-hartzaileagoa lantzen dabiltza horren ondorioz. Oraintsu, ...etaurteaskotarako! ekarpen kanpaina martxan ipini dute. Izan ere, hasierako obrarako 1,5 milioi euroko inbertsioa egin zen, eta oraindik 250.000 euro falta dira banketxeei itzultzeko. Zor hori kitatzea beharrezkoa dute aurrera egiteko.

Urteotako esperientzi eta bizipenak ugari dira. Hori islatu da, adibidez, Twitterren. #etaurteaskotarako traola erabiliz, hainbat herritarrek ekarri dituzte gogora euren akorduak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!