Durangoko 25. Musika Hamabostaldiko programazioa aurkeztu dute

Anboto 2014ko urr. 30a, 16:00

Azarorako hiru kontzertu, eta abendurako beste bat lotu dituzte Durangoko aurtengo musika hamabostaldirako. Kletzmer musika, orkestrarakoa, opera, eta blues doinuak, izango dira, besteak beste, datozen asteetan, Durangon, gozagai.

Musika Hamabostaldiaren programazioa antolatzen duten Bartolome Ertzilla musika eskolako Alfredo Sanz zuzendariak, Ana Celia Ormatxea piano irakasleak, Natxo Martinez zinegotziak eta Aitziber Irigoras alkateak eman dute gaur, programazioaren berri. Azpimarratu dute, "publiko guztiarentzako musika entzunerraza", baina kalitate gorenekoa, ekarri gura izan dutela, beste urte batez Durangora. Lau hitzorduk osatzen dute programazio hori.

Azaroaren 8an, Kurutze Santu Museoan izango da Hamabostaldiko lehenengo emanaldia. Aragoiko Trivium Klezmer taldea etorriko da egun horretan, Durangora, musika emanaldi dibertigarria eskaintzera.

Cadaquéseko orkestrako 14 kidek osaturiko taldeak eskainiko du emanaldia, bestalde, azaroaren 15ean. San Agustin kulturgunean izango da kontzertu hori, eta Ana Celia Ormaetxea irakasleak azpimarratu duenez, Manuel de Fallaren lanaren interpretazioa eskainiko dute, bertan. El amor brujo konposizioaren hasierako bertsioa eskainiko dute, Ormaetxeak azaldu duenez.

Andeka Gorrotxategi, bueltan

Durangoko musika eskolako ikasle izandako Andeka Gorrotxategi abadiñarrak ere parte hartuko du XXV. Musika Hamabostaldian. Nazioartean opera rol garrantzitsuak interpretatzen dabil Gorrotxategi azken urteetan, eta 2015ean Madrilen Placido Domingoren zuzendaritzapean Granadosen Goyescas operan Fernandoren papera eskaini orduko bueltatuko da Durangon emanaldia eskaintzera. Andra Marian eskainiko du Andeka Gorrotxategik opera frantses eta italiarra oinarri izango dituen emanaldi hori. Mario Lerena pianistak lagunduta ariko da Gorrotxategi.

Abenduaren 13an, Travellin' Brothers Big Band taldearen emanaldiak itxiko du 2014ko Musika Hamabostaldia. Gabonen inguruko kanten errepertorioa blues eran eskainiko du talde horrek, San Agustin kulturgunean. "Musika dibertigarri eta freskoa", gaurko auzkepenean azpimarratu dutenez.

25 urteko ibilbidea

1.990. urtean antolatu zuten Durangoko muska hamabostaldiaren lehenengo edizioa, eta 25. edizioaren aurkezpenean hasiera hartan aritu zirenak hartu dituzte gogoan. Aitzindariei esker ona adierazi diete. Izan ere, Alfredo Sanzek azpimarratu duenez, "90ean Bizkaian ez zegoen horrelakorik". Aitziber Irigoras Durangoko alkateak adierazi du, 25 urteko ibilbidearen ostean, sorrerako helburu beragaz darraiela Musika Hamabostaldiak: "Kalitate handiko musika klasikoa herritar guztiei hurreratzeko lanean".

 

 

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!