Azaroaren 10ean zabalduko dute eguneko zentroa, baina ez du Geu Bek gestionatuko

Anboto 2014ko urr. 30a, 13:47

Urritasun intelektuala dutenentzako eguneko zentroa azaroaren 10ean zabalduko dute. Zurrumurrua kalean zebilen, eta horrela baieztatu du Bizkaiko Foru Aldundiak, zerbitzuaren arduradunak. Errotaritxuenako etxeetan udalak utzitako lokal batean egongo da zentroa, 520 metro karratukoa, eta 25 lagunentzat izango du lekua. 10ean erabiltzaile bakarra sartuko da, eta hilabete beharko du normaltasunez funtzionatzeko. Urrian amaitu dira obrak, eta, Aldundikoen arabera, familiek instalazioak ikusi dituzte. Zerbitzua ez dute Geu Bek eta Akanak gestionatuko, hasieran uste zenaren kontra; Aldundiak Gorabideri esleitu dio ardura.

Geu Bek ez du oraindik ohar ofizialik jaso, Jose Alfaro koordinatzaileak kontatu duenez: “Gestioa interesatzen ote zitzaigun galdetu ziguten, eta guk baietz erantzun genien. Gero, ezin genuela eroan esan ziguten, esperientziarik ez omen dugulako”. Durangaldean hamar urtez urritasun intelektuala duten gazteentzat aisialdi eskaintza garatu du Geu Bek, gazte horien familiek osatutako elkarteak. Edozelan ere, eguneko zentroa “berri ona” dela esan du Alfarok. Izan ere, familien eskaera izan zen, eta hutsune horren harira sortu zen elkartea.

Gaia martitzeneko udalbatzarrean irten zen argitara, EH Bilduk aurkeztutako mozio baten bidez. Koalizioaren arabera, familiekin egon dira, eta espazio berriak hainbat gabezia dauzkala uste dute. Planik ez dagoela kritikatu zuen. Bestalde, zentroaren kudeatzailea Durangaldekoa izatea eta beharginek euskaraz jakitea beharrezko ikusten du Bilduk. Mozio horren ordez PSE-EEk aurkeztutako alternatiboa onartu zen, EAJren babesagaz. Informazio falta salatu zuten sozialistek, eta, horren aurrean, Aldundia elkartegaz batzea eskatu zuen.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!