Udaleko zorraren inguruko informea egingo du Aldundiak

Anboto 2014ko urr. 28a, 15:00

Bizkaiko Foru Aldundiak udaleko egoera ekonomikoaren eta zorraren inguruko informea egingo du. EH Bilduk (Bildu eta Aralar) 2013ko kontu orokorrari helegitea ipini zion, eta salatu zuen udalak 7,9 milioi euroko zorra daukala. Gero, iraileko udalbatzarrean, koalizioak eta PSE-EEk kanpoko azterketa bat egitea eskatu zuten.

Bada, Aitziber Irigoras alkateak eskaera egin dio Aldundiari, eta azterketa egingo dutela baieztatu dute, alkateak aurreratu duenez.

Edozelan ere, bere iritzia eman gura izan du Irigorasek prentsaren aurrean: “Udal honek ez dauka zor bizirik ezta defizitik ere”. 7,9 milioi euroko zorra kontuhartzailearen txosten ofizial batean agertzen da, baina zorra eta zor bizia desberdindu gura izan ditu. Zor bakarra Landako Erakustazokagatik sortutakoa dela esan du, Aldundiaren  menpeko Azpiegitura erakundeagaz daukatena. Diru hori bueltatzen dabiltzala esan du, eta horregatik ez dela zor bizia. Dena dela, duela hilabete eginiko prentsaurrekoan aitortu zuen zor hori atzeratu egin dutela, dirua beste arlo batzuetan erabiltzeko; 2,6 milioi euro inguru falta dira ordaintzeko.

Bestalde, EH Bilduk zabaldu zuen oraindik garatu barik dauden egitasmo batzuetarako kreditua eskatu zela, eta zor moduan zenbatu beharrean, soberakin lez hartu zela. Irigorasen berbetan, kreditu bi dauzkate, baina erabili ez dituztenez ez dituzte zor moduan hartzen.

Bere informazioa babesteko, Espainia mailako erradiografia egiten duen dokumentu bat erakutsi du. Horren arabera, zorra daukaten udalen sailkapenean, Durango seigarrena da azkenetik hasita.

Udal kontuez “zalantza” sortu dela esan du, baina hori “asmo txarrekoa eta artifiziala” dela uste du, eta EH Bilduri bota dio horren ardura.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!