Euskal Herriko ikastolen babesa jaso du Ziburuko ikastolak

Anboto 2014ko urr. 24a, 14:25
Plateruena kafe antzokian eskaini dute prentsaurrekoa

Ziburuko Kaskarotenea ikastolako ordezkariek ikastola horren etorkizuna kolokan dagoela gogoratu dute gaur Plateruenean eskainitako prentsaurrekoan. Berrehun bat irakasle eta ikaslek, eta, ikastolen elkarteko zein Seaskako lehendakariek babestuta, Kaskaroteneako zuzendari Laida Mugikak eman ditu azalpenak. Azaroaren 8rako manifestazioa deitu dute Ziburun bertan.

 

Hileak dira Ziburu ikastola barik geratzeko arriskuan dagoena. Ikastola orain urte bi eta erdi sortu zuten, 12 haur ditu eta eskola publikoaren lurretan kokatuta dago, gune prefabrikatu batean (35 metro karratu). Eskola publikoko eraikina (1.500 metro karratu) obretan dago eta bertako haurrak beste gune prefabrikatu batean daude. Bitartean, udalak urte birako utzi zion gune hori ikastolari, baina epealdi hori iraungita dago. Ikastolari kokaleku berri bat bilatzeko negoziaketek ez dute fruiturik eman eta bertan jarraitzen dutenez auzitara eraman ditu udalak. Pauko auzitegiak gune hori uzteko epaia eman du eta eguneko 100 euroko isuna ipini die. Alkateak argindarra eta ura moztuko dizkietela ere adierazi die. Eskola publikoko haurrak azaroaren 3an itzuliko dira eraikin berrira (orduan hasten duten ikasturte berria) eta polizia ikastolara bidaltzeko prest daudela mehatxatu dituzte, ikasle eta irakasleak handik kanporatzeko.

Laida Mugika Kaskaroteneako zuzendariak egin du azken hileetan eman diren pausuen laburpena. “Gure erruz eskola publikoko ikasturtea berandu hasiko dela da arrazoi nagusia euren esanetan, baina gezurra da, normaltasun osoz hasteko modua izango dute”, adierazi du. Orain hiru aste udalaren aldetik proposamen bat jaso zuten, “baina ez genuen onartu, urte bian ikastola iztera eramango zuelako”. Ikastolak ere egin du proposamen bat: orain eskola publikoko haurrak dauden gunera (Zokoa auzoan) eramatea ikastola, baina udalak ezetz esan die han aisialdirako zentro bat egokitu gura dutelako: “Aisialdi zentroak eta ikastolak ordutegi desberdinak dituzte eta bateragarriak dira gune berean. Borondate falta ikusten dugu”.

"Euskararen geroa kolokan dago Iparralde osoan"

Seaskako (Ipar Euskal Herriko ikastolen federakundea) lehendakari Paxkal Indoren ustez, Ziburuko ikastolaren borroka Ipar Euskal Herrian euskarak duen egoeraren isla da: “Gu gara D ereduko ikastetxe bakarrak. Euskararen etorkizuna guk daramagu Iparraldean. Auzapez bati uzten badigu D eredua zabaltzen berak nahi duen moduan, politikoki dugun pisu bakar hori galduko genuke. Euskararen geroa kolokan dago Iparralde osoan eta hori onartezina da”.

Koldo Tellitu ikastolen elkarteko lehendakariak ere bere babesa eskaini dio Kaskaroteneari: “Hona etorri gara, Kaskarotenea ikastolari Euskal Herriko ikastola guztien elkartasun eta babes osoa adieraztera, eta baita erakustera Ziburuko auzapeza ez dela ari Kaskarotenearen aurka soilik. Seaskaren aurka eta ikastola mugimendu guztiaren aurka ari da”. Era berean, erakunde eta eragileei dei egin die “euskarari, euskal kulturari eta euskaraz bizi nahi duen herri bati egiten zaion erasoa delako”.

Egoera hori salatzeko manifestazioa deitu dute azaroaren 8an, 16:00etan, Ziburun, ‘Ikastolak ez hunki’ leloagaz: “Euskarari gero bat eman nahi dioten denei zabaltzen diegu bertaratzeko deia”, adierazi du Paxkal Indok.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!