2015ean hasiko dira Hegoaldeko saihesbideko fase berri bat egiten

Anboto 2014ko urr. 24a, 12:59

Alkateak eta udal arkitektuak Hegoaldeko sahiesbidearen egoeraz informatu dute prentsa. Lautik fase bi amaituta daude, eta 2015ean ekingo diote hurrengoari.

Hegoaldeko sahiesbideagaz Durango barneko trafikoa arintzea da udalaren helburua, Aitziber Irigorasek prentsari azaldu dionez obretara egindako bisitan. Herrira sarbide berri bat sortuko da horrela, Tabira aldetik. Elorrio eta Abadiñotik datozenek ez dute herria gurutzatu behar izango Alde Zaharrerantza edo Urkiolarantza joateko; Montorretako biribilgunetik zuzenean agertuko dira Tabiran. Durangotik irteteko ere balioko du, baita Urkiolako bidetik datozenei Abadiñorantza joateko alternatiba emateko ere. Ordu zehatzetan, batez ere arratsaldeetan, Durangoko sarreretan sortzen den trafikoa arindu gura dute horrela.

Bigarren fasean, Eguzkitza ingurunerantza ematen duen biribilgunea eraiki dute, baita auzo horretarantz joateko bide berria ere, Okarantzakoaren alternatiba izango dena. Biribilgune hori da sahiesbideko puntu altuena; hortik beherantz joko dute orain, Montorretako biribilgunerantz. Igor Zorraquin arkitektuak azaldu du lehenengo 4. fasea egingo dutela, eta azkenean 3. fasea. Beheko urak hobeto bideratzeko, lehenengo 4. fase horri ekitea komeni zela esan du. Zati zailena izango dela ere aurreratu du, N-636 errepideagaz lotuko delako eta Aldundiaren eskumenekoa izatera euren baldintzak ere kontuan hartu behar dituztelako. Obrak 2015eko lehen hiruhilekoan hastea aurreikusi du, martxoa aldera.

Hegoaldeko sahiesbidearen proiektua EAJ eta PSE-EEren artean adostutakoa dela azaldu du alkateak.

Zuhatzolako saskiak

Bestalde, bisita berean Zuhatzola parkean ipini dituzten saskibaloiko saski berriak erakutsi dituzte. Irigorasek kontatu du 2012ko Tabirakoko udako eskolako gazteek bertan saski batzuk ipintzea eskatu ziotela, eta horri erantzunez lau saski ezarri dituzte futbitoko kantxan. Ezkurdiko parke zaharrean bazeuden saskiak, baina ingurua berritzean kendu egin zituzten, eta alkateak esan du horren ondorioz beharra sortu zela.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!