Plateruenak 10 urte ospatuko ditu urriaren 31n, ekarpen kanpaina betean

Anboto 2014ko urr. 24a, 10:00

Hamar urte bete dira Durangon euskara eta kulturgintza sustatzeko kulturgune herritarra jaio zenetik. Plateruena Kafe Antzokia indarberrituta dator urtemuga horretara, Zilarberritzen prozesuan egitasmoa berriztu duelako herritarrekin batera. Prozesuaren ondorioetako bat kudeaketa parte-hartzailea garatzea zen, eta, hain zuzen, kultur sustapenerako sortu den talde zabalak antolatu du hamargarren urtemugako jaia. Urriaren 31n ospatuko da, eta makina bat sortzailek parte hartuko du.

19:00etan kale animazioa hasiko da Andra Marian, eta handik Plateruenera joko dute. 19:30etik aurrera, kantulagunen jarduna, ikuskizun audiobisuala, dantza eta musika eskainiko dituzte. Ostean, pintxoak eta DJa egongo dira, jai giroan jarraitzeko. Beñat Gaztelurrutia Platerueneko zuzendariak azaldu du jai giroan batu eta harremanetan sakontzea dela jaiaren helburua.

...eta urte askotarako!
Hamar urte beteta, ez du egoera ekonomiko ona bizi Plateruenak. Oraindik hasierako obrak ekarritako  zorrari aurre egiten dabil (1,5 milioi euroko inbertsioa egin zuten, eta 250.000 euro geratzen dira bankuei bueltatzeko). Horrela,  ...eta urte askotarako! ekarpen kanpaina hasi du, egitasmoa etorkizunean ere bideragarri izan dadin. Izan ere, Gaztelurrutiak dioenez, “jasoko den ekarpen kopuruaren arabera erabakiko da Plateruenak aurrera egingo duen ala ez”. Abenduaren 31ra arte iraungo du kanpainak. “Oraintxe da proiektuari laguntzeko momentua”, esan du Gaztelurrutiak. Webgunean edo antzokian bertan egin ahal dira ekarpenak, dirua zein borondatezko lana eskainita.

 

Irailean hasi zen Plateruenaren aldeko diru ekarpen eta borondatezko lan kanpaina. Dagoeneko hainbat dira euren ekarpena egin dutenak. Horietako batzuek ekarpena egiteko arrazoia zein izan den azaldu dute.

Izaskun Sarraoa (Atxondo)

Durango estrategikoa da, eta Plateruena behar da bertan. Kulturalki oso ondo dago, eta jendeak lan asko egin du bertan. Hamar urte eta gero jaustea pena litzateke. Urteak daroadaz Aikogaz dantzara joaten. Gainera, etxean asko garenez, bazkariak bertan egiten ditugu; oso ondo jaten da.

 

 

Ortzi Egia (Durango)

Horrelako ekimenak erakunde publikoetatik bultzatu beharko lirateke, eta hutsune hori betetzen gabiltza. Plateruena interesgarria da euskara bultzatzeko, eta Durangon ez zeuden hainbat ekintza kultural eskaintzen ditu. Dirua da konpromiso errazena; gehiago hartu behar dugu parte.

 

 

 Nagore Lozano (Durango)

Plateruenak Durangon egiten duen lana beharrezkoa dela uste dut, udalak kultura arloan egiten duenagaz ez delako nahikoa. Ez dut antzokia desagertzen dela imajinatu gura. Horregatik egin dut ekarpena, eta lagunei ere zabaldu diet mezua. Kriskitinen nabil, eta sarri parte hartzen dut plateruekin.

 

 

Jose Alfaro (Durango)

Proiektu interesgarria, izaeraduna eta gertukoa da. Geu Be elkartetik hainbat ekintza antolatu ditugu, eta laguntza eskatzean beti jaso izan dugu. Gure gazteentzat ere erraztasun handiak jaso izan ditugu beti, kontzertuetan egoteko eta. Espazio hori beharrezkoa da Durangon.

 

 Enara Zarrabeitia (Durango)

Plateruenean egin den lanagaz eta esfortzuagaz, ezin genezake bakarrik utzi. Etorkizuneko apustua ere bada antzokiari laguntzea. Plateruenak, kulturari dagokionez, Durango aldatu du, oraindik hobetzeko gauza asko eduki arren. Erakundeei inplikazioa eskatzeko garaia ere bada.

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!