"Auzokideek ez dute sinisten, utopia bat saltzen dabiltzala uste dute"

Anboto 2014ko urr. 24a, 09:00

Txus Diaz Gure San Fausto Berria elkarteko presidentea da. Proiektuaren inguruan auzotarrek duten iritziari buruzko galderak erantzun ditu.

Auzotarrek zelan ikusten dute proiektua?
Ia 100 bat lagun egon ginen batzarrean, eta jendea susmo txarra hartuta dago. Gizarte etxerako zen dirua murriztu dute, eta falta den milioi bat euro hori non dago? Urtetan agindu izan dute hainbat proiektu egingo dituztela, baina eskola bota besterik ez dute egin. Auzokideek ez dute sinisten, utopia bat saltzen dabiltzala uste dute. Ideia ona izan arren, ez dago obra hasteko dataren inguruan konpromisorik. Obra irailean hasiko zela esan zuten, gero abendura atzeratu zuten, eta orain otsailean izango dela diote.

Etxeak berrizteko diru-laguntzak nahikoa al dira?
Jendeak galdetzen zuen ea non zegoen milioi hori. Onartzen dizut: bizilagunek ez dutenez sinisten, ez dute parte hartzen. Nire ustez, egokia den ikerketa bat egin behar da. Eremu degradatu izendatu gura dute, horrela Jaurlaritzak obran lagunduko lukeelako. Proiektua ona dela uste dut, errentagarria izan ahal delako. Baina zenbaki handiei buruz berba egiten gabiltza, eta pertsonen arabera zehaztu barik. Langile auzoa da, jende nagusiagaz eta pisuetan sartu berri diren gazteekin. 20.000 euroko inbertsioa egin behar badut, akaso, atzera egingo dut; hamar urtez hilero 70 euro ipinita, agian, aurrera, nire ideia hemen bizitzea bada.

Parte hartuko al duzue prozesuan?
Umeek jolasteko gune estali bat eskatzen dabiltza bizilagunak. Udazken ederra egiten dabil, baina okertzean, hotz egiten du kalean. Eztabaida-mahai bat sortzea proposatu dute, udaleko teknikariekin, enpresakoekin eta auzokideekin. Noski, Gure San Fausto Berria elkartea mahaian egongo da, eta auzotarrak informatuko ditugu. 30 urtez ahaztuta eduki gaituzte, eta egokia den orori helduko diogu. Hau ere Durango da, eta gure zergak ordaintzen ditugu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!