San Fausto auzoa berritzeko plana martxan dago, baina gizarte etxea ez dute eraikiko

Anboto 2014ko urr. 24a, 09:00
San Fausto auzoko saneamendua eta urbanizazioa hobetuko dituzte datozen hileetan. Argazkia: Lehior Elorriaga.

San Fausto auzoak itxura aldatuko du laster. Udalak martxan ipini du Berritu San Fausto plana, eta horri esker urbanizazioagaz lotutako hainbat obra eroango ditu aurrera. Duela 60 bat urte egin zituzten lehenengo etxeak, eta Durangoko auzo zaharkituenetakoa da. Bertako aisialdi eta ekintza sozialetarako bilgune behar zuen gizarte etxea ez dute eraikiko, eta horretarako aurreikusitako diruagaz urbanizatuko dute auzoa.


Udalak informatu duenez, saneamendua, sistema elektrikoa eta irisgarritasuna hobetuko dituzte. Gainera, plaza txikian aparkaleku bat egokituko dute, eta plaza nagusia berriztuko dute. Trafikoa arint

Saneamendua,
sistema elektrikoak
eta irisgarritasuna
hobetuko dituzte

zea ere bada helburuetako bat. Aitziber Irigoras alkateak proiektuaren garrantziaz berba egin du: “Lehentasunezkoa da udalarentzat, San Faustoko auzokideen bizitza kalitatea hobetuko da eta”. Pilar Ríos PSE-EEko bozeramailea ere pozik agertu da, auzoak behar handiak dituelako: “Behingoz, argia ikusiko du hain beharrezkoa den eta San Faustoko auzokideek hainbeste eskatu duten proiektu honek”. Aurtengo aurrekontuetan akordioa lortu zuten alderdi biek, eta plana horregatik garatuko dela azaldu dute. Eider Uribek (Bildu) esan du plana eurek bultzatu zutela Hirigintza Batzordean, eta jeltzaleei eta sozialistei etekina atera gura izatea egotzi die.

Baina ez dago argi zer gertatuko den planeko ideia garrantzitsu bategaz, etxeak berrizteagaz. Fatxadak, sarbideak eta teilatuak konpontzea aurreikusten zen, baita igogailuak ezartzea ere. Udalak 150.000 euro gorde ditu obra horiei diruz laguntzeko, baina etxejabeen diru-sarreren araberakoa ere izango da.

Gizarte etxerik ez
Gizarte etxerik ez dute egingo,  Uriberen arabera, auzokideek eurek ez dutelako gura. Umeek jolasteko gune estali bat gura dutela esan du Bilduko kideak, eta pilotalekua zabaltzea ere bai. Pilota federazioak erabiltzen du egun batzuetan, eta horregatik itxita egoten da. Erabiltzen ez den egunetan, behintzat, auzokoentzat zabaltzea proposatu du EH Bilduk (Bildu eta Aralar).

Prozesu parte-hartzailea
Udalak 700.000 euro inbertitu berri ditu Kapitanena baserria erosteko eta botatzeko. Izan ere, baserri hori dagoen eremuan egin behar zuten gizarte etxea. Proiektu hori alboratuta, eremu horretan eta Berritzegunea zegoen lekuan zer egin erabakitzeko dago. Udalak adierazi du prozesu parte-hartzaile bat abiaraziko duela. Joan zen astean auzokideekin batzarra egin zuten udaleko kideek, urbanizazioaren berri zuzenean emateko.

Gizarte etxearen proiekturako lau milioi euro aurreikusi zituzten, eta urbanizaziorako 2,8 milioi euro gorde dituzte. Horregatik, Iker Urkizak (Aralar) gogoratu du beste 1,2 milioi euro daudela inbertitzen jarraitzeko.

 
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!