150 partaide elkartuko dira zapatuan, Silboberriren 20. urteurrenerako

Anboto 2014ko urr. 23a, 09:00

Silboberri elkartearen 20. urteurrena gogoraraziko dute zapatuan, Durangoko Landako Gunean, 20:00etatik aurrera. Kontzertua eskainiko dute bertan, eta Euskal Herriko 90 txistularik parte hartuko dute.

Txistulariez gainera, abeslariak eta beste hainbat musikari ere gonbidatu dituzte emanaldira; Portu Brass taldea eta Barakaldoko perkusio taldea ariko dira, esaterako. Gasteizko Nurat abesbatza, Igorreko Arantzarte dantza taldea eta Durangoko L’Atelir taldea ere gonbidatu dituzte emanaldi horretara. Guztira, 150 partaide izango dira emanaldian, eta Jabier Ituarte Aulestiren zuzendaritzapean ariko dira.

Bizkaiko musikari eta kulturari leku berezia eskaini gura izan diote Silboberriren 20. urteurreneko kontzertu honetan. Ohi bezala, Silboberrik emanaldi honetarako enkargaturiko hainbat abestiren estreinaldiak egingo dituzte doako sarrera izango duen kontzertuan; Jon Etxeandiaren Limurtzen, Ruper Lekueren Bostadar, Karlos S. Ekizaren Urkiolako bidea eta Jabier Ituarteren Arrosa bat eskainiko dituzte lehenengoz.

Besteak beste, Silboberri txistu bandako Aitor Amilibia, Sergio Torices, Iñaki Martin, Ortzi Torices eta Fernando Aurrekoetxea jardungo dira obra horiek txistuagaz interpretatzen.

Duela hogei urte Silboberri elkartea sortu zutenetik, txistuak eskaintzen dituen aukera musikal guztiak erakustea izan dute elkartekideek helburu. Helburu horregaz hainbat ekimen eta emanaldi antolatu dituzte txistua bestelako instrumentuekin uztartuta. Txistuaren inguruko aukerak zabaldu guran, jazz doinuetara moldatu izan dituzte euren obrak, eta filmetako musika ere eskaini izan dute txistuagaz, esaterako.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!