Genero indarkeria eta etxeko indarkeria kasu bana jaietan

Anboto 2014ko urr. 22a, 09:50

Udaltzainek Sanfaustoetan izan dituzten salaketen artean daude astelehenean indarkeria sexistagatik egin zen salaketa eta etxeko indarkeria kasua. Lapurreta eta iskanbilei dagokienez, iaz baino jai lasaiagoak izan direla azaldu dute ohar bidez.  

Udaltzaingoaren txostenaren arabera, lau intoxikazio etiliko artatu dituzte, euretako bi adin txikikoak. Lapurretei dagokienez, hamasei ebasketa salatu dituzte aurten, iaz baino hemeretzi gutxiago. Trafikoaren segurtasunaren kontrako delituak ere jaitsi egin dira iazko jaiekin alderatuta; iaz bost izan ziren, eta aurten bakarra.

Ostalaritza estabelzimendu bati espedientea zabaldu diote ordutegia ez errespetatzeagatik, eta akta bat egin dute kalean txiza egiteagatik eta beste bi adin txikikoei alkohola emateagatik.

Kale-garbiketa

Garbitasun zerbitzuko datuei dagokienez, 55.420 kg hondakin batu dituzte jaietan. Guztira 39.384 euro kostatu du kaleak garbitzeak, eta 33 langile ibili dira lanean. 608.000 litro ur eta 460 litro desinfektatzaile kontsumitu dituztela adierazi dute.

Oharraren bidez, Aitziber Irigoras Durangoko alkateak Jai Batzordeari eskerrak eman gura izan dizkio: "Beste urte betez lortu dute ekitaldiak jende guztiarengana hurbiltzea eta plazak eta kaleak jendez gainezka egotea"

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!