Industria berria erakarri eta dagoenari herrian eusteko plana proposatuko du EHBilduk

Anboto 2014ko urr. 21a, 15:10
Ezkerritk eskumara: Jon Andoni del Amo, Eider Uribe, Iker Urkiza eta Jon Landabide

Durangoko EHBilduk industria sektorearen garapena beharrezkotzat jotzen du kalitatezko enplegua sortzeko eta azken urteetako egoera zailetik irteteko bidean. Ildo horretatik, plan zehatz bat proposatuko dutela adierazi dute prentsaurrekoan.

Lanbidek irail honetan ateratako datuen arabera Durangon %12,9ko langabezia dago; 1.982 langabetu daude eta horietatik 437 industria sektorekoak dira. Egoera hau denboran luzatzen ari dela dio EHBilduk eta “Durangon gobernatzea egokitu zaion EAJk ildo horretako apustu estrategikorik ez du gauzatu”, kritikatu du Iker Urkiza zinegotziak. EAJren gaur egungo kudeaketa “eskualdeko garapen industriala ez bultzatzea” da.

Industria sektorea garapen sozialerako, kalitatezko enplegua sortzeko eta Durangon zein Durangaldean krisia gainditzeko motoreetako bat dela uste dute eta berau indartu eta garatzea koalizioaren “apustu estrategiko” bat dela adierazi dute. Horiek horrela, EHBilduk industria sektorearen garapena erdigune duen plan zehatza proposatuko du. Zutarri nagusi bi ditu planak: orain herrian dauden industria enpresei eustea eta kanpoko berriak erakartzea. Gogoratu dutenez, azken urteetan izan dira herritik joan diren enpresak (Odi Bakar, esaterako) herriguneko garapenak “irentsi” dituelako eta ez dutelako herrian birkokatzeko modurik aurkitu. Enpresa horiek herrian bertan geratzeko “beharrezko errekurtso denak bideratuko ditugu”, adierazi du Eider Uribe zinegotziak.

Arau subsidiarioetan “zoru industrial lez jasota dauden lur zatiak badaude, baina ez dira garatu”. Esaterako, Eguzkitza 3 izeneko gunean (Urki-Hegoalde inguruan) zoru industrial lez jasota dagoen 130.700 metro karratuko lurzatia dagoela gogoratu dute eta baliagarria dela herriguneko enpresak bertara eramateko zein herritik kanpoko berriak kokatzeko.

Azterlan “oinarrizko proiektua”

Durangon dagoen zentro teknologikoak (Azterlan) bere azpiegiturak handitzeko eskaera egin duela azaldu dute, baina “gobernatu dutenek ez dute izan sentsibilitate minimo bat zentroak etorkizunera begira duen planteamendua entzuteko”. EHBildurentzako zentro teknologikoa “garapen industrialerako traktorea da eta beharrezko ikusten dugu bere hazkundea; euren proiektuan sinesten dugu eta Durangorentzako oinarrizko da”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!