Arbe eta Madarieta irabazle barikuan eta Lesbats eta Etchevarri zapatuan

Anboto 2014ko urr. 20a, 09:46

Durangoko pilotalekuak zestako final bi hartu ditu asteburuan. Barikuan Jokin Arbek eta Joseba Madarietak Jai Alai World Tour barneko lehen garaipena lortu zuten. Zapatuan, San Fausto txapelketako txapela Hossegor-eko bikotearentzat izan zen, lesio batek baldintzatutako finalean.

Jai Alai World Tour barnean kokatutako II.Pro-Am edizioan final dotorea eskaini zuten lau protagonistek. Lehen jokoa bizkaitarrek lortu zuten: 13‐15. Bigarrena ere ildo beretik joan zen eta bukatzeko aukera ere izan zuten urdinek (13‐14) baina bi tanto segidan egin eta Kevin Ithurria-Ekhi Aio bikoak desberdinketa behartu zuen (15‐14). Azken joko laburrean hobeak izan ziren Arbe eta Madarieta: 2-5. Lau finalistek partidu ona, oso ona jokatu zuten baina bakarrak irabazi zezakeen eta bizkaitarrak gehiago izan ziren azken esprintean. Jaialdiko lehen partiduan, Egigurenek eta Zabalak 2-0 menderatu zituzten Jagoba eta Erkiaga.

Jai Alai World Tour-eko hurrengo hitzordua Gasteizen izango da datorren ostiralean. Lehiaketaren aurkezpena asteartean egingo dute.

Zapatuan zuntz haustura Arbek

Zapatuan eta toki berean beste final bat jokatu zuen Jokin Arbek; Zabalagaz bikotea osatuz XXXI. San Fausto Zesta Txapelketako finala lehiatu zuen Hossegor-eko (Frantzia) Lesbats eta Etcheverriren aurka. Arbe eta Zabala aurretik heldu ziren finaleko azken txanpara: 27-21. Orduan, Arbek eskuinez pilota gogor astindu eta zuntz haustura izan zuen beso horretan eta partidua utzi egin behar izan zuen. Zabalak bakarrik jokatu zuen partidua amaitu arte. Saiatu arren, bi baten kontrako aldea handiegia izan zen eta frantziarrek partiduari buelta eman zioten: 31-35.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!