Urbanizazio lanagaz, San Fausto berrituko dute

Anboto 2014ko urr. 17a, 09:41

Auzoko saneamendua, sistema elektrikoa eta irisgarritasuna konponduko dituzte. Duela ia urte bi martxan ipinitako 'San Fausto Berritu' planeko ondorioa da.

Duela 60 bat urte eraiki zituzten San Faustoko etxeak, eta auzoak ez du aldaketa handirik ezagutu ordutik. Berritzeko beharra dauka, auzokideek sarritan eskatu lez. Udaletik San Fausto Berritu plana martxan ipini zuten orain urte bi, baina gaur arte ez du eboluziorik eduki. Auzotarrekin batzarrak egin izan dituzte gobernu taldekoek eta baita EH Bildukoek ere (Bilduk eta Aralarrek).

Saneamendua, sistema elektrikoa eta irisgarritasuna hobetuko dira. Gainera, plaza txikian aparkaleku bat egokituko dute, eta plaza nagusia berriztuko dute. Trafikoa arintzea ere bada helburuetako bat. Oraindik zalantzan daude, ostera, planean jasotzen ziren gai bi: etxeak berriztea eta zentro zibikoa eraikitzea. Udalak dio diru-laguntzak egongo direla obrak egiteko, baita igogailuak ipintzeko ere, baina egitekotan aurrerago egingo direla diote. Auzoan gizarte etxe bat eraikitzea aurreikusita zegoen, eta horretarako Kapitanena baserria botako dute. Baina, espazio horretan eta Berritzegunea zegoen lekuan zer egin aztertzeko prozesu parte-hartzaile bat iragarri dute momentuz.

Aitziber Irigoras alkateak proiektuaren garrantziaz berba egin du: "Lehentasunezkoa da Udalarentzat, San Faustoko auzokideen bizitza kalitatea hobetuko da-eta”. Pilar Ríos PSE-EEko bozeramailea ere pozik agertu da, auzoak behar handiak dituelako: “Behingoz, argia ikusiko du hain beharrezkoa den eta San Faustoko auzokideek hainbeste eskatu duten proiektu honek". Prentsa ohar bidez esan dute alderdi bien arteko akordio bati esker garatuko dela plana.

EH Bilduren erantzuna

Eider Uribek (Bildu) erantzun du plan hori hirigintza batzordean onartu zela, eta euren bultzadaz, gainera. Izan ere, Uriberen arabera, auzokideek ez zuten gizarte etxerik gura, eta horretarako dirua auzoa berritzeko erabiltzea proposatu zuten eurek eta Aralarrekoek. Horregatik, EAJ eta PSE-EEren kontra egin du, proiektua euren izenpean soilik zabaldu dutelako. Uribek azaldu duenez, auzokideek umeek jolasteko gune estali bat gura dute, eta frontoia zabaltzea ere bai. Pilota federazioak erabiltzen du egun batzuetan, eta horregatik itxita egoten da. Erabiltzen ez den egunetan behintzat auzokoentzat zabaltzea proposatu du EH Bilduk.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!